Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
2013
Zerrendak egiteko ordua iritsi da. Lankide batek dio izugarri gustatzen zaiola zerrendak egitea, ideiak antolatzen laguntzen diolako. Nik: Zerrendak egitea lagungarri izan daiteke, baina neurotikoak zerrendak egitearen zale amorratuak dira, eta haien kasuan, gutxirako balio du. Baina zerrendak egiteko ordua iritsi da. Zer eskatu urte berriari? Lagunak: maitasuna, osasuna, dirua. Nik: Alegia, betikoa. Ordena horretan, gainera. Jendeak pentsa ez dezan materialista hutsak garenik (horregatik diruak amaieran joan behar du), edo nartzisista/hipokondriako batzuk (osasuna bigarren tokian, beraz), oroz gain jendartea baloratzen dugula (alegia, maitasuna da irabazlea). Baina krisia, dela ekonomikoa, dela politikoa, dela soziala nagusi den honetan, baliorik ote du zerrenda horrek? Lagunak: Badakizu, klasikoak ez direla inoiz hiltzen diote. Nik: Ustelkeria klasikoa da, eta hala ere, behin betiko desagertzea nahiko nuke. Lagunak: Baina zu erromantiko hutsa zara. Pentsa, euskarri elektronikoak hain erosoak izanda ere, zuk oraindik ere paperezko edizioan irakurtzen dituzu liburuak. Nik: Horrekin esan nahi didazu alferrik dela krisialdira kondenatu gaituztenei aurre egiteko indarra eta kemena eskatzea? Lagunak: Hori eta azken bi urteetan etxeko apaletan pilatzen joan zaren liburuetatik, plazer hutsagatik irakurri nahi dituzun horietatik heren bat besterik ez duzula irakurriko hurrengo urtean, baikor jarrita gainera. Nik: Mila esker 2013rako nire zerrenda zapuzteagatik. Lagunak: Barkatu, ez dizut esan ideiak antolatzen lagundu bai, baina zerrendak oro har gure frustrazioen isla baino ez direla?