GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA I KONTAKIZUN GRAFIKOA I «Zu ikusteko bidean»

Lehen txinpartak

p046_f03.jpg

Iker ZALDUA |

Etzi iragan izango den urtea ezin esan, orokorrean, oparoa izan denik. Dena den, ez naiz nahastuko guztiok ikusten ditugun itzalak deskribatzen. Nahiago itzalaren beste aldera begiratu eta printzetan erreparatzea. Horien artean argitsuenak Edo! du izena.

Nekeza izan ohi da proiektu bat trenbidera eramatea, are zailagoa sasoi ilunetan. Urteak utzi dizkigun albiste pozgarrienen artean, bada, Edo! argitaletxearen sorrera aipatu behar da, bi urte pasatxoko ernaldiaren, ahaleginaren, ostean trenbidean baitago, Durangoko geltokian ere geldialdia eginda.

Argitaletxe berria, asmo berritzaileekin. Horren froga zintzoa esku artean dudan hau, Gari Garaialderen “Zu ikusteko bidean”. Kontakizun grafikoa, horren grafikoa ez den gai bati heltzeko, espetxeetara egiten diren bidaia isilak iruditan agertzeko, isiltasun hori kontatzeko, lau kontu esan eta otzan itzultzeko kilometro metatuen kontakizuna, alegia.

Gari Garaialde gidari lanetan ibilia da bidaia des-atsegin horietan eta beti eramaten zuen zakutoan argazki-kamera. Sentsazioa bertatik bertara bizitzeaz gain, nolabait dokumentatu egin nahi zuen, bidaiaren kronika bat jaso, monotonia optikan barrena sartu eta zuri-beltzean agerrarazi.

Lan hau horren adibidea da, kronika izan daiteke, poesia grafikoa ere bai, baina kontakizuna segur. Horretarako, berrogei argazki hautatu ditu Garaialdek, batzuk alde batera utzi behar izan ditu, kalitateak ez duelako bere lana ongi betetzen gauez, flasha erabili gabe eta ISO 400etik aurrera argazkietan pikor malapartatuak agertzen direlako. Izan ere, argazki gehienak furgoneta barruan ateratakoak dira, inori enbarazu ez egiteko neurriak hartuta eta, jakina, horretarako, ezinbestez egin behar zaio muzin flashari.

Argazki bakoitzak, era berean, bere unea gordetzen du, bere istorioa du atzean. Besteak beste, “Patrolari” ateratakoa azpimarratu zidan, halako egoeran kamera hartu eta klik egitea baino ez omen zitzaion otu. Argazkiak unea harrapatzen du, baina uneak baditu aurretiko eta osteko denbora, eta kronologia osoak osatzen du kontakizuna. Argazkia prestatu egiten da batzuetan, bat-batean botatzen da beste zenbaitetan, baina beti dago asmo hori, beti dago istorioa agertzeko grina; argazki-oina izan zein ez izan, bada, narrazio bat dago, poesia txiki bat dago, norberak interpretatu beharrekoa.

Lehen liburua du Gari Garaialdek, ez zegoela aurkezpen eta elkarrizketetara ohituta esan zidan. Jakina, normalean beste aldean egoten baita bera. Argazkilaria da eta Argazki Press-ek jasotzen ditu bere begian iltzatzen direnak. Dagoeneko 11 urte egin ditu kamera ondoan duela «parean jartzen zaidan guziari argazkiak ateratzen, oraindik ere kamerarekin jendeari so».

Garaialderekin batera Mikel Etxaburu aipatu behar da, izan ere, bere testu labur bat jasotzen da, bisita eguna hartzailearen ikuspegitik kontatuz. Horrela, biribildu egiten da joan-etorria. Horixe da “Zu ikusteko bidean”, Edo! argitaletxearen Begikoak ataleko lehen liburua, apustu ausarta burdinbidean lehen txinpartak ateratzeko, bihoa aurrera trena!
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo