GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA

Euskal mitologiaren kondaira eta marrazki bilduma osatua

Aritza Bergarak duela bi urte argitaratu zuen euskal mitologiaren inguruko liburua gaztelaniaz kaleratu berri du, «Mitologia del Pueblo Vasco - Tras las huellas de los gentiles» izenburuarekin. Hainbat idazlek idatzitako ipuinak bildu eta osatu ditu, irudiekin lagunduz.

p046_f01.jpg

Nagore BELASTEGI |

Aritza Bergara idazlearen “Euskal Herriko Mitologia - Jentilen aztarnaren atzetik” liburuaren gaztelaniazko bertsioa argitaratu berri dute. Orritz eta Adarmendi kultur elkarteei esker editatutako liburua euskal mitologia ezagutzera emateko intentzioarekin dago sortua. Idazleak berak azaldutakoaren arabera, jatorrizko lana 2010ean argitaratu zuten euskaraz, DVD batekin batera. Hautu hori egin zuten euskal mitologiari buruzko informazio asko zegoelako, baina ez zegoelako ondo bilduta, eta ikus-entzunezko formatuan ere ez zegoelako materialik. Oraingo honetan, “Mitologia del Pueblo Vasco - Tras las huellas de los gentiles” liburua besterik ez da, baina oso bisuala.

Izan ere, Bergarak Daniel Castello ilustratzailearen laguntza izan du pertsonaia bakoitzaren irudikapena egiterakoan. «Berak ez zekien ezer ere ez euskal mitologiari buruz, beraz, nik idatzitakoaren arabera sortu zituen irudiak, imajinatzen zituen bezala», azaldu zuen idazleak.

Ilustratzaileari esan zioten bakarra izan zen irudiak bizirik dauden itxura izan behar zutela; errealak izatea, alegia. Izan ere, pertsonaia bakoitzari eskainitako lau ataletako bat hori da: egun ere bizirik daudela adierazten duen testu labur bat.

«Duela hamar urte mitologiari buruzko istorio bat idatzi nuen, non pertsonaia desberdinak nahasten zihoazen. Liburu honetan pertsonaia bakoitzak bere istorio propioa dauka. Esan daiteke aurreko lanaren jarraipen bat dela», kontatu zuen.

Horiek guztiak idazteko euskal idazle klasikoen kontakizunak izan zituen oinarri, hala nola Barandiaran, Azkue, Satrustegi edo Baroja. «Kontakizun batzuk oso laburrak ziren, bi edo hiru lerrokoak besterik ez, eta nik egin dudana da horien sustraiak mantenduz modu erakargarriagoan idatzi», adierazi zuen.

Erakargarriagoa, jo puntua batez ere gazteengan jarrita, «beraiek irakurtzen badituzte bizirik mantenduko direlako kondairak». Aritza Bergararen esanetan, gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dutela diogu, baina agian errua sortzaileena da, beraientzat aproposak diren liburuak egiten ez dituztelako. Erakargarriagoa omen zaie telebista edo ordenagailua, eta horregatik landu dute formatu bisuala lan honetan. Hala ere, nahiz eta hezkuntza arloan erabiltzeko idatzi zuen –eskoletan edo euskaltegietan– mitologia maitatzen duen edonorentzat interesgarria da aurrean dugun liburua.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo