GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA I HAUR ETA GAZTE LITERATURA I «Anubis 3.0 arimaren pisatzea»

Erraietatik

 

p046_f02_59x72.jpg

Asun AGIRIANO |

Orain dela bizpahiru urte, “Xabiroi” aldizkarian atalka argitaratutako istorioa bildu, eta aurten album formatuan kaleratu da “Anubis 3.0” komikia. Ez da erraza izaten pauso hori ematea; izan ere, komiki bat egiteko proiektua ez da di-da batean gauzatzen, sortze prozesutik argitaratzeraino urteak igaro daitezke.  Ilusioa eta kemena gutxienez ez zaie falta Euskal Herrian komikiaren munduan murgilduta dabiltzanei…

“Anubis 3.0”-k gizakiaren alde ikusezina azaleratzen du, gaurko egunetara ondo baino hobeto egokitzen den istorioa hartzen du ardatz. Gadu zientzialariak arima pisatzeko tresna asmatu zuen, eta negozio bihurtu, aberatsen eskura jarriz. Horrekin, bere ezagutza eta teknika diruaren truke saldu zituen. Urte batzuk geroago, bakartua eta ozpindua bizi da urrutiko asteroide batean, eta Ammit etxeko robot zintzoaren galderak erantzunez, aitortu gabe zituen gezurrak eta erruak kontatzeari ekingo dio. Indar handiko hasiera du komikiak: «Ez dut jendea maite, ergel sorta amaigabea», dio Gadu ikerlariak.

Funtsezko bost pertsonaia daude: publizista gezurtia, banku-langilea, esatari politiko ustela, kirol-mediku gezurtia eta giza baliabideen zuzendaria. Guztiak hipokrisian goxo bizi eta kontzientzia diruaren zerbitzura jarri duten pertsonaiak dira. Munduaren egoera ikusita, Fanok kapitalismo basatiko protagonista batzuk aukeratu, eta denak larrutzen ditu. Komikia gizartearen kritika zorrotza da, eta, 2035. urtean bizi diren pertsonak izan arren, irakurleari zenbait gai oso ezagun egingo zaizkio: bankuak eta etxe kaleratzeak, kontsumitzaileak engainatze aldera talentua saldu duen marrazkilaria (egileak ironiaz dio: «…talentua alferrik galdu ez zedin, loretxoak margotzen, edo komikiak egiten»), debekatutako substantziak kirolari ezagunei ematen dizkien kirol-medikua, eta abar, eta abar. Errebeldiaz eta mendekuz elikatzen da Dani Fano marrazkilariaren esku trebea, eta emaitza istorio ausarta eta indartsua da. Mezu argia eta hausnartzeko parada ematen digun komikia da. Irakurlea harrapatzen badu ere, patxadaz irakurtzekoa, soseguz ikusi eta gozatzekoa.

Binetak maisutasunez marraztuta daude, marra garbia eta kolore planoak erabiltzen dira. Gidoia ondo garatua dago. Liburuaren azalerako aukeratutako irudia bera ere ikusgarria da. Aipatzekoa, halaber, komiki honen proiektuak bizpahiru urte luze iraun duen denboran, Fanok Asisko Urmenetaren laguntza izan duela; zentzu honetan, elkarlan horrek non izan duen eragina ikusteko, ariketa interesgarria da, adibidez, Asisko Urmenetaren binetaren marrazkia non dagoen aurkitzea.
Urte sasoi honetan, Gabonetan murgildurik, kotoi eta azukre giro bigun samarrean sarturik, ongi etorria izan dadila “Anubis 3.0” komikiaren kontzientzia astindua!
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo