GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egoera sozialak indarkeria sexistan izan ditzakeen eraginez ohartarazi dute

Amaitzear den urte honetan Euskal Herrian sei emakume hil dira indarkeria matxistaren ondorioz. Bilgune Feministak egindako irakurketan, borondate politikoa eta erabateko aldaketa errealak eskatu ditu.

GARA |

Azken hamabi hilabeteotan Euskal Herrian sei emakume hil dira indarkeria matxistaren ondorioz. Lehenengo heriotza martxoan jazo zen, Tolosan. Caridad Angeles Rodriguez, 39 urteko emakumea, bikoteak erail zuen. Hurrengo bi heriotzak jarraian gertatu ziren, maiatzean. Gabriela Arosemena eta Mirella Sierra izan ziren, 23 eta 42 urteko emakumeak, hurrenez hurren. Lehenengoa Durangon bizi zen, eta bigarrena Deustun. Binta Keitak ere 42 urte zituen, eta uztailean, bere senarrak hil egin zuen, ondoren bere buruaz beste eginez, Senperen. Handik hilabetera, abuztuan, Leire G.B., 29 urteko zierbenarra Castron eraila izan zen; eta iragandako azaroan, Tere Egurrola, 65 urteko emakumea, hilik aurkitu zuten, Araiako etxean. Senarrak, ondoren, bere buruaz beste egin zuen ere.

Zerrenda beltza da, baina, Bilgune Feministaren aburuz, ahaztu behar ez dena, indarkeria matxista desagertzeko oraindik ere egiteko asko gelditzen dela erakusten duelako.

Amaitzear dagoen urteko irakurketa egin du taldeak, eta bertan adierazi du lakra honek bai Euskal Herrian, baita mundu osoan zehar «benetan arazo politiko eta sozial larria» izaten jarraitzen duela. Gainera, ohartarazi du krisi ekonomikoaren areagotzeak eta egoera sozialaren bilakaerak are egoera larriagoan ipini dituela emakumeak, eta bereziki gaur egun arte zaurgarrienak izan diren kolektiboengatik ardura azaldu du: emakume migratzaileak, etxeko langileak, sexu langileak, baserritarrak, lesbianak, transexualak, pentsiodunak, eta abar.

Era anitzeko erasoak, bortxaketak eta erailketak salatzeaz gainera, Bilgune Feministak gogorarazi du 2009ko urriaren 25az geroztik Nora deitutako gasteiztarrak desagertuta jarraitzen duela. Kasu hau argitzeko dagokien erantzukizuna bete dezatela eskatu diete horretarako eskumena duten erakundeei.

Aldaketa errealak

Honen aurrean, indarkeria sexista behingoz amaitzeko planteatu beharreko lege eta neurri integralen aldarrikapena egiten dute; izan ere, haien ustez, «entzungor egin eta asistentziara mugatzen» baitira erakundeak.

Era berean, eta Euskal Herriko banaketa administratibo ezberdinen ondorioz berdintasunerako politiketan azaltzen diren ezberdintasunak kritikatu dituzte, neurri bateratzaileak eta uniformeak eskatuz. Hala, adibide gisa jarri dute Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua, berdintasunaren arloari atxiki baitizkiote familiari lotutako gaiak, «feministon harridura eta ezadostasunerako». Bilgune Feministaren ustez, elkartu beharko ez lituzketen bi gai elkartu dituztelako.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat etxe berezirik ez egotea kritikatu dute.

«Ulerturik indarkeria sexista egiturazkoa dela, honen dimentsio guztiak kontuan hartuko dituzten neurriak eta borondate politikoa exijitzen ditugu», dio Bilgune Feministak. Ohartarazi dute ez direla azaleko neurriekin konformatuko, baizik eta aldaketa errealak ekarriko dituzten neurriak nahi dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo