Konstituzionalak dirudunen zerga berezia hankaz gora bota dio Hollanderi
Erreforma fiskala Hollande presidentearen kanpainaren ardatz nagusia izan zen eta agintera iritsi bezain pronto errenta handienak zituztenei % 75eko zerga ezarri zien. Konstituzionalak atzera bota dio, ordea.
GARA |
Frantses Estatuko Gobernuak berehala zuzenduko du Kontseilu Konstituzionalaren arabera zilegi ez diren lege berriaren zatiak, aipatu erakundeak errenta handiei jarritako zerga berezien proiektua atzera botatzeko asmoa agertu ondoren.
Lege-proiektua abenduaren 20an onartu zuen Parlamentuak. Baina Konstituzionalaren ustez, Hollanderen Gobernuak bultzatutako legeak «zergen aurreko berdintasun printzipioa» urratzen du.
Agintariek ezarri nahi zuten zerga urtean milioi eurotik gorako sarrerak izaten dituzten herritarrek ordaindu beharko lukete, baina lege-proiektuak hutsune larri batzuk bazituen, bere garaian UMP alderdi eskuindarrak aurkeztutako errekurtsoan azaldu bezala.
Erakundeak nabarmendu du diru sarrera berberak dituzten bi familiari ez diotela zerga bera ezarriko, esate baterako, batak etxeko kide guztien artean zatitzen baditu sarrerak eta besteak ez. Lehen kasuan milioi euroko muga horren azpitik geratuko lirateke, eta bigarrenean, goitik.
Gilles Carrez UMPko ordezkariak beste adibide bat jarri zuen atzo. Bi familia, bakoitzak bi seme-alaba dituela. Lehenengo etxean senarrak beste inork ez du egiten lan, eta 1,2 milioi kobratzen ditu. Beraz, zerga berezia ordaintzea tokatuko zaio. Bigarren etxean bi lagunek egiten dute lan, senarrak eta emazteak, eta bakoitzak 800.000 euro kobratzen ditu. Lehen familiak baino sarrera gehiago izan arren, ez dute zerga berezia ordaindu beharrik izango.
Jean-Marc Ayrault lehen ministroaren ustez lege-proiektuaren ildo nagusiak aldatu beharrik ez dago. Gobernuak proposamen berria aurkeztuko du, milioi bat eurotik gora irabazten dutenei % 75eko zerga berria aplikatu ahal izateko. Aurrekontuen legearekin batera aurkeztuko dutela iragarri dute bere bulegotik. Konstituzionalaren epaiak zor publikoa murrizteko ahaleginetan eraginik ez duela izango esan dute.
Futbol Profesionalaren Ligak txalotu egin du epaia, zerga horrek futbolaririk onenek alde egitea eragingo lukeelakoan.