GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Idurre Eskisabel, 2012/12/26, berria

Hezurrak

Hona herenegun, astelehenez, hedabide nagusietan albiste garrantzitsuen kategoriara jasotako gertakaria: Ertzain bati besaurreko hezurra hautsi zaiola ustez autoetan lapurretan zebilen gizonezko bat atxilotzeko borrokan, Irunen. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak sinatuta dator berria. Berehala, indarkeriak egin du salto probetxuzko herritarraren burmuinera: bortitz, basa eta arriskutsu irudikatu du autoetan harrapaka zebilen 22 urteko gaztea; piztia amorratua ertzainen kontra. Lasaiago hartu du arnasa ertzainek bere autoko CD bilduma besoko hezurra kraskatzeraino defendatzen dutela jakinda. (...) une batez, galdera inozo batzuk ere etorri zaizkio burura: ez ote dira inoiz atxilotuen hezurrak kraskatzen? Eta inoiz hausten badira, zergatik datoz apalago albiste horiek hedabide nagusietan? Eta zergatik ez ditu Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak sinatzen? Zergatik datoz halakoak Salhaketa, SOS Arrazakeria, Herrira, eta antzeko izenak dituzten elkarteen ekinbidez? Laster uxatu ditu, ordea, zalantzak burutik. Izan ere, nork daki, atxilotutako basapiztiak CDak ez ezik autoa bera ere ebats zezakeen, eta hori bai ezetz! Hori oso delitu larria da! Probetxuzko herritarra eta autoa ia bat direnez, kasik inori bizitza kentzea adinakoa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo