J. Ortuñez, Errepresaliatua
Urte berri... on?
Bistan dago ere euskal presoak Euskal Herrian egoteak premia handia duela, hortik aurrera gauza asko mugituko liratekeelako
Ez legoke gaizki balantzea egin eta aurrera begirakoa nondik nora joan daitekeen ikustea 2012 hau amaitzear dagoelarik...
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bukatzeko zorian den urte honetan zehar egin duen guztiaz zakua bete digu. Zalantzarik gabe, ekainaren 2a dugu zedarri nagusietako bat, egun horretan 2011n hasitako eztabaidaren berri eman baitzuen EPPK-k, horren ondorioak jendaurrean plazaratuz. Ez ditut hemen eta orain denak errepikatuko, hainbat artikulutan esanda utzi baitut hori. Gogora ekarriko dut, halere, aipatu ondorioak barne zein kanpo mailei dagozkiela.
Geroztik egindako urratsak, bestalde, ez dira gutxi izan: prozesu politikoari ekarpen propioa emateaz gain, hainbat eragilerekin harremanetan sartu da EPPK. Beronen erreguz zubi-lanetan hasitako taldeak harreman ildo horren berri eman zuen atzo. Izan ere, haren agerraldian entzundakoa zinez argigarri suertatu zitzaidan jakiteko zein dagoen salbuespen egoera nahiz espetxe politika amaitu ala bere horretan mantentzearen alde.
Hilabete luzeak igaro dira Aieteko Adierazpenetik, eta honen gomendioei jarraiki ETAk borroka armatuari amaiera emanez hartu zuen erabaki historiko hartatik, baina espetxe politikak ordu arte ezagutzen genituen parametro berdinetan jarraitzen du egun. Prozesuak eskatzen zituen urratsak eginak ditu Kolektiboak. Estatuek, ordea, ez dute eurei zegokiena ibili eta, aitzitik, itxikeriari eusten diote prozesu demokratikoa bera geldirik mantentzearren.
Bitartean, Europako ebazpenek Estatu espainola kinka larrian jarriko zutela bazirudien. Bizi osorako zigorretan, aldiz, Espainia ez dago bakarrik eta zenbait Estaturen laguntza paregabea lortzera iritsi dira. Udaminean ere, Iosu Uribetxebarriaren kasua horren argibide, egoera larriak politizatzeko prest direla erakutsi digute.
Honaino, beraz, bakoitzak zer egin duen edo gobernuei dagokienez zer ez duten egin. Bistan dago Bitartekarien taldeak orain dela sei hilabete bere lehenengo agerraldia burutu eta espetxe politikaren balantzea egin zuenetik, alde bakarreko lana bete dela; beste aldeak, berriz, temati jarraitzen du. Horregatik, 2013 amaitzerakoan gaurkoaren gisako artikulutxoa idaztean, Bitartekarien talderik ez dagoela esatea atsegin litzaidake, horrek zubi-lanaren beharrik ez dagoela esan nahiko lukeelako eta presoen Kolektiboak harreman zuzenak badituela gainerako eragileekin. Edo hobe, presorik ez dagoela.
Bistan dago euskal presoak Euskal Herrian egoteak premia handia duela ere, hortik aurrera gauza asko mugituko liratekeelako. Eta hori lortzeko esan gabe doa urtarrilaren 12ko manifestaziotik bueltan, Bilbon adieraziko ditugun nahi, gogo, aldarri eta oihua mantendu eta are biderkatu beharko ditugula, hori guztia dinamika bilakatuko badugu. Denok eman behar dugu horretan. Eta inor ez dadila engaina: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak berak ere urratsak egingo ditu Euskal Herrian egoteko. Modalitateak gorabehera, azken batean EPPKri soilik baitagokio berean erabakitzea, gizarte osoa da mobilizatu behar duguna. Are zehatzago, kaleari dagokio berez zama gehiena eustea. Esan bezala, Kolektiboak ere Euskal Herriratzeari begirako urratsak eman egingo ditu; baina presio nagusia kaleari dagokio.
Ildo honetatik, eragile politiko, sozial eta sindikalek benetako ardura dute Bitartekarien taldearen bidez konpromisoak hartzeko, batik bat EPPKren mintzaideekin elkartzeko ahaleginduz, espetxe politika hitzez eta ekinez salatuz, gizarte osoarekin batera euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko bultzada emanez. Ezin dugu minutu bat gehiago pasatzen utzi: 197/06 delako doktrinapean, baldintzapean eta gaixo direnak kalera eta gainerako guztiak Euskal Herrira behingoz! Salbuespen egoera bukatu beharra dago, salbuespen Auzitegia desagertu behar den bezalaxe, eta bide honetan legedia «antiterrorista» ere bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dut. Ez dut errepresaliatu bat izan nahi. Euskal Herrian nahi dut egon eta bizi. Aske.
Urte berri on denoi!