GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | hatortxu rock

Gitarra doinu beteranoak, despedida kantuak baina aldarrikapen berbera

Euskal preso politikoen alde Atarrabian ospatutako Hatortxu Rock jaialdiaren 14. edizioan azken emanaldia egin zuen Koma taldeak. Ez ziren beterano bakarrak izan hazi eta hazi ari den elkartasun jaialdian.

p042_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI I

Hamalau edizio ez dira alferrik pasa Hatortxu Rock jaialdiarentzat. Oraindik ere, egoerak hala eskatuta, seiehundik gora euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko aldarrikapenean lanean jarraitu beharra dago, eta adin nagusiko jaialdia izatera iritsi ez bada ere –ea iritsi beharrik ez duen–, hamalau urte izateko, nerabea ongi koskortua dagoela erakutsi zuen atzo.

Azpiegitura aldetik aldaketa nabarmena izan du aurtengo jaialdiak. Beste urteetako bi karpak utzi eta bakar batean jarri zituzten bi agertokiak, alde banatan, kontzertutik kontzertura bidean ez galtzeko. Segurtasun aldetik ere izan ditu aldaketak, uneoro aforoa kontrolatzeko sistema jarri baitute martxan, sartu-irten guztiak zenbatuz. Esperientziatik ikasitako beste detailea, berogailua, kanpoan beste zenbait urtetako elurterik eta ekaitzik ez bazen ere, eskertzekoa.

Hori guztia kontrolpean izanik, musikariek euren soinu banda jartzea baino ez zen falta, eta ez zuten hutsik egin. Nekez taldearen metal doinuek zabaldu zuten arratsa, gogor eta gogotsu, oraindik karpara gerturatutako jende apurra bereganatu nahian. Eta lortu zuten pixkanaka hurbiltzen ari zen jendea berotzea.

Hauek bukatu orduko, karparen beste aldetik “El Padrino”-ren doinuekin egin zuten gonbidapena Evaristo eta bere lagun gatillazotarrek. Badirudi urteak ez direla denentzat berdin pasatzen eta aguraindarrak duela hogei urte moduan pasa zuen kontzertua. Kantu eta kantu artean ardo botilari tragoa lapurtuz, saltoka, besoak mugituz –«agila ez bazara, itxura egin behintzat», bota zuen–, errege, polizia, kazetari nahiz funtzionario espainiarrei «maitasun» hitzak eskainiz... Izan zen ezagun egin zuen La Polla taldearen bertsiorik ere. “Lucky men” zaldi gainean kantatuz dantzan jarri zuen karpa.

Azkenetan azkena

Jaialdiak hamalau edizio betetzeak hori du, hasierako urte haietan bertan izan ziren batzuek agur esateko ere Hatortxu aukeratu izana. Bi hamarkadatako ibilbideari atzo jarri zion azken puntua Koma taldeak. «Helburu bakarrarekin etorri gara gaur hona: ondo pasatzera», esan zuen Brigik egurra ematen hasi aurretik. Hortik aurrera, gitarren astinduak, baxu sendoak eta etengabeko danbatekoak. Lasai egon daitezela, ordea, euren jarraitzaileak. Lehenengo ilaran oholtzaren albo batean bildutako 4-12 urte bitarteko gaztetxo kuadrillarekin harrobia ziurtatuta dago-eta.

Sam osabarekin jolasean hasi ziren, eztarriak urratuz, eta egun berezi honetarako gonbidatuak ere izan zituzten. Ibon Casas donostiarra, esaterako, beti alboan duen bere zakur beltza –lasai asko egon zen oholtzaren erdian– eta guzti igo zen “Imagínatelos” kantatzera. Haizeekin ere jantzi zituzten zenbait kanta, eta Itoizen “Marea gora”-ren bertsioaren ondoren iritsi zen Mareako Kutxi, “Bienvenidos a Devuelto” okatzera.
Txorrapeladako markesa, erretzaileek utzitako usaina, nagusiak merezitako monumentua... Zaleek gozatu ederra hartu zuten, nahiz eta kontzertua bukatutakoan gehiagoren eskean jotako txistu hotsek bat baino gehiago gor utzi. Jaialdiaren ordutegiak errespetatu behar...

Karpako pantaila erraldoietan azken urteko presoen aldeko ekimenekin eta etxeratutakoen ongietorriekin osatutako bideoa ikusi ondoren, bi urteko ibilbide oparoari amai-«Era» ematera igo ziren Zea Mays bilbotarrak, Jonnhy Cash-en “Hurt” kantuarekin sarrera hunkigarria eginez, eta han jarraitzen zuten egunkari honen itxieran. Canteca de Macao, El Drogas, Habeas Corpus, Deskontrol, Tximeleta... Goizaldera arteko jaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo