itsasoa
Olatu handietako istripuak: Greg Long bizia galtzeko zorian
Cortes Bank izeneko urautsi batean bizia galtzeko zorian izan zen Greg Long, azkenekoz Eddie Aikau Txapelketa irabazi zuen surflaria.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I
Hitzetik hortzera dabil Greg Long olatu handietako surflariak pasa den abenduaren 21ean Cortes Banken izan zuen istripua. Ezer gutxi zekiten surf aldizkari eta erreportariek, helikopteroan ospitalera eraman zutenetik.
Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) egun bat egon ostean etxera itzuli eta gertatutakoa kontatu ahal izan du.
Surflari askok hartzen dituzten arriskuak ikusita, istripu larri gutxi izaten omen da. Ohikoenak taularekin edo uharriekin egindako zauriak, giharretako lesioak, eta itsasoko urak eragindako infekzioak dira. Larrienak ordea, oxigeno faltak eta kolpe gogorrek eragindakoak dira.
Long eta Aikau
San Clementeko (Kalifornia) surflaria da. Oso ezaguna eta errespetatua da olatu handien eremuan. Izan ere, 28 urterekin itzelezko emaitzak bilduak ditu eta iaz «munduko olatu handietako surflari gazte onena» izendatu zuten.
Olatu handietan ateratako irudi esanguratsu askotako protagonista ere bada Greg Long. Itsasgizonaren Saria eskaini zioten iaz, uretatik kanpo egiten duen lanagatik. Hain zuzen ere, itsasoaren eta ingurumenaren babesarekin zerikusia duten Surfrider, Save the Waves, Wildcoast eta The San Onofre Foundation elkarteetan egiten duen lana saritu zuten.
Greg Long munduko olatu handietako txapelketa garrantzitsu guztietara gonbidatu duten surflari bakanetakoa da eta emaitza esanguratsu asko bildu ditu gainera.
2003an Red Bullek antolatzen duen olatu handien txapelketa ezaguna irabazi zuen Afrikan. 2008an Mavericksen irabazi zuen txapela. 2009an, Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa irabazi zuen, olatu handien zale den edozeinen ametsetako koroa.
Aurten berak hitz egin zuen urtero egiten den Eddie Aikau Txapelketako irekiera zeremonian: «Nire begietara, ez da txapelketa bat», esan zuen, «Eddie Aikauk utzitako ondarea ospatzen dugu. Munduko pertsona zorionekoenak gara, egiten duguna egin ahal dugulako, eta olatu handietako surflarien familia handi honetako parte garelako».
Hain zuzen ere, Eddie Aikau Txapelketako gonbidatuen zerrendari erreparatuz gero, bertan surflari zenduak ere badirela ikus dezakegu. Batzuk, lehiakide izandakoak, surf egiten bizia galdutakoak; edo Eddie Aikau bera bezala, ozeanoari beren bizia eskainitako itsasgizonak.
Eddie Aikau Txapelketako gonbidatuen artean aurkitzen da esaterako, Andy Irons, orain bi urte zendu zen surflari profesionala. Irons eta Eddie Aikauren izenekin batera, beste zazpi izen ere badira.
Guztira, bederatzi dira txapelketa honetan omentzen dituzten hildako surflarien izenak. Mark Foo, Donny Solomon, Jay Moriarity, Lester Falatea, Peter Davi, Tiger Espere eta Todd Chesser dira zerrendako gainerako surflariak.
Hildako surflariak
Mark Foo 1994ko abenduaren 23an hil zen Kalifornian, Mavericseko olatu batean erori ostean. Erorketa irudietan hartu zuten eta hainbat filmetan ikus daiteke. Foo surflari profesionala zen; Singapurren jaio arren, Hawaiira joan zen bizitzera eta han jaso zuen olatu handietarako zaletasuna.
Urte batzuetan surflari profesional gisa jardun ostean, txapelketak albo batera utzi zituen olatu handietan aritzeko.
Donny Solomon kaliforniarra, Ventura herriko surflari ezaguna zen. 1995eko abenduaren 23an hil zen Waimeako olatu erraldoietan, Mark Foo hil eta urtebetera, egun eta ordu berean. Gurutze Gorriko boluntarioa zenez, urtero erakunde hau arduratzen da bere oroimenez egiten den txapelketa bat antolatzeaz.
Jay Moriarity, Santa Cruzeko surflari kaliforniarra hau ere. 16 urte besterik ez zituela olatu erraldoi batean erortzen agertu zen «Surfer» aldizkariko argazki batean eta horrek egin zuen famatu, baina ez zen olatu handietan hil. 2001eko ekainaren 15ean aurkitu zuten bere 22 urteko gorpua, Maldivetako uretan, surf taula ondoan zuela.
Lester Falatea hawaiiarra ezaguna zen, ohol handi batekin Pipelineko olatuan surf egiten zuen gutxietakoa baitzen. 2008ko irailaren 10ean hil zen, 37 urte zituela, bihotzeko gaitz baten ondorioz.
Peter Davi kaliforniarra 45 urterekin zendu zen, 2007ko abenduaren 4an. Ohau irlako muinoen parean surf egiten ari zela olatu handiek atzeman zuten azpian eta txikota hautsi zitzaion. Laguntzera gerturatu zen kideak bere gorpua ur azalean flotatzen ikusi zuen. Konortea galdua zuen eta buruan kolpea ere bazuen. Hondartzara atera bezain laster, oxigenoa jarri eta suspertze saioak egin zizkioten sorosleek, baina berandu zen, jada ez zegoen zereginik.
Tiger Espere hawaiiarra zen. Sorosle izana zen Waimeako badian. Hawaiiar kultura babesten zuen eta olatu handietako surfa maite zuen. 2005eko uztailaren 22an, 59 urte zituela hil zen minbiziak jota, Oahuko Queens ospitalean.
Todd Chesser 28 urteko surflaria, North Shoreko kanpoaldeko arrezifeetan hil zen 1997ko otsailaren 13an, Outside Alligators leku arriskutsuan. «In gods Hands» filmeko irudiak hartzen ari ziren handik gertu, Jaws olatu ezagunean. Olatu serie handi batek azpian harrapatu zuen eta konortea galdu ostean hil zen.
Greg Long larri
Abenduaren 21ean, sekulako itsaskia espero zuten Kalifornian, eta asko izan ziren Cortes Bank izeneko olatua dastatzera ausartu zirenak.
Cortes Bank San Diegoko kostaldetik ehun miliatara dagoen urautsi bat da. Itsaso zabalean, gainazalera ateratzen ez den uharte moduko bat dago, eta itsaskiak handiak direnean olatu erraldoi bat altxatzen da.
Baldintza egokiekin olatu bikaina da. Batez ere eskuinaldera jotzen dute surflarientzat, seguruagoa delako, baina itsaso zabalean distantziak ere ohikoa baino handiagoak izaten dira eta oso erraza da uhin serie batek azpian antzematea. Horixe bera gertatu zitzaion Greg Longi. Lau olatuko serie batek antzeman zuen azpian.
«Serieko bigarren olatuak bortizki hondoratu ninduen eta luze izan ninduen ur azpian. Itsas azalera irten eta arnasa hartzeko ia astirik ere ez nuen izan eta bat-batean, hirugarren olatuaren gandorra sentitu nuen, sekulako kolpea eman zidan. Arnasarik gabe geratu nintzen. Serieko olatu handiena zen».
Olatuaren zurrunbiloa indarra galtzen hasi zenean, konortea galtzeko zorian, gorantz igeri egiten saiatu zen, baina orduantxe, oraindik arnasa hartu gabe, serieko laugarren olatuak antzeman zuen eta berriz ere beherantz bultzatu zuen.
Ia indarrik gabe, orkatilari lotuta zeraman txikotetik tiraka hasi zen konortea galdu aitzin, gainazalera aterako zen esperantzarekin. Taularen atzealdeari heldu zion, oraindik olatuaren zurrunbiloan murgilduta, eta orduan, oxigeno faltak eraginda konortea galdu zuen.
D.K. Walsh, Jon Walla eta Frank Quiarte izan ziren sorospen lanak egin zituztenak. Uretako motoekin Longen taula zegoen lekura hurbildu eta apargunetik atera ahal izan zuten laguna. Jarraian salbamendu helikopteroan eraman zuten San Diegoko ospitalera eta han izan zen egun batez Zaintza Berezien Unitatean.
Medikuen esanetan, onik atera da, ez baitu atzera bueltarik gabeko lesiorik izan. Beraz, laster da berriz ere olatu erraldoiak diren munduko urautsiren batean.