GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: IRITZIA

Lehentasunen artea

Politika posiblearen artea omen da, baina posible dena pentsatu eta lehenetsi behar da lehenik, Goikoetxeak dioenez, eta abertzaleen artean lehentasunak adosteko ezintasuna sumatzen du.

Jule GOIKOETXEA I Ikertzailea, Cambridge eta EHU unibertsitateetan

Zientzia politikoa, etorkizuna iragartzeko ezagutza multzo bezala, eskasetan eskasena da. Politika, haatik, etorkizuna eraldatzeko dagoen praktikarik eraginkorrena. Horregatik esaten da politika posiblearen artea dela. Eraldaketa politikoa, oro har, gizarte mobilizazioaren eta erakundetzearen bitartez egiten da. Zehaztasunean, aldiz, lehentasunak paratuz. Posiblearen artea errealitate politikoa sortzearen artea baita, beharrak taxutuz, aldarrikapenak josiz eta horiek asetzeko lehentasunak ezarriz abiatzen dena.

Datorren urteko euskal posiblearen artea ordena kapitalistan, kaos liberatzailean eta gu guztion lehentasun antagonikoetan teilakatuta datorkigu. Helburu polita litzateke herri gisa ditugun lehentasunak, morrontzaz- ko ordenaren eta kaos askatzailearen arteko zubi bihurtzea. Tamalez, eta urrats franko egin diren arren, orain arte eraikitako zubiek gure lurraldeetako ezker-eskuineko ibaiertzak lotu baino areago lelotu egin dituzte. Horren adierazle, euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten bi alderdi-koalizio abertzaleak lehentasun komun bat bera ere ezartzeko gai izan ez direla; ez justizia sozial eta eskubide sozioekonomikoen inguruan, ezta eskubide politiko eta demokratikoei dagokienez ere. Are gutxiago gatazkaren osoko konponbiderako, zer esan trantsizio nazional bat martxan jartzeko. Eskozia eta Katalunia independentzia erreferenduma prestatzen ari diren unean, Euskal Herria mutu.

Ninjen antzo, euskal arte martzial anitz metatu ditugu azken urteotan, batez ere ezkerraldean, baina antzinako espainiar inperio oligarkikoa legez, perspektiba sozioekonomikorik ez dugu, feudo horretan, eta feudo bezala, jarraituz gero. Aurtengo EAEko hauteskundeetan alderdi abertzaleek ekarri digute konkrezio pittin bat, baina non eta ihes punturik gabeko sozioekonomia atal horretan. Alderdiok euskal estatuaren biluzi figuratibo bat bera ere ez digute eskaini nahiz eta denek independentzia oihukatu hedabideen aurrean, hamarkadak joan, belaunaldiak etorri. Kameretatik at ere independentistak direnak oliozko pare bat lerro beroez irudikatu dute balizko euskal estatua; Da Vincirik ez, beraz, Kandinsky bat, akaso. Bitartean, jeltzaleen independentziaren aldeko eta euskal estatuaren aurkako enkoadraketa tenkatua laxatzen duen puntu zuri-berde isilak, 2013ko margolan nazionala lausotuko du.

Urte berria, estetikoki, zalantzazko harmoniarekin datorkigu, eta, politikoki, profil nazional baxukoa, koldarra alegia. Ez diezaiela inork errua estatu jakobinoei egotzi datorren abendurako estrategia independentistaren erretratua ez ezik, geure lehentasunen krokis komunik ere ez badugu. Katalunian trantsizio nazionala abian da, gehiengoak Espainiarengandik ezer espero ez duelako. Horrexegatik hasi dira bi alderdi nagusiak Ogasuna, Gizarte Segurantza, Justizia Sistema eta Banku propioa lortzeko estrategiak diseinatzen. Trantsizio nazionala, nazio berekoak izanik, desberdinak direnen arteko estrategia adostua da, zeinaren bidez errealitate ezberdin bat eraikitzen den: estatu berri bat. Ez dakit arte lana den haiena, baina lan ederra dudarik gabe, eta, hori lortzeko palanka, lehentasun bat adostea: Estatu katalana.

Independentzia lortzeko independentzia lehenetsi behar baita, formala eta materiala, garabide paraleloa edukita ere, elkar ukitzen amaitu behar baitute euskal lurraldeen estatu eliptikoan.

Jakina, alderdi katalanek ere badituzte beren lehentasunak (langileria krisitik eskubide sozioekonomikorik gabe ateratzea batzuek, kontrakoa besteek), baina ez dago trantsizio nazional posiblerik populazioaren gehiengoa ordezkatzen duten alderdien artean lehentasun komunik adosten ez bada. Trantsizio nazionalak ezinbestekoa du, beraz, aldebakarrekotasuna, baina nazionala, eta hegemonia, baina demokratiko soziala, alderdi/ideologia desberdinek ordezkatua.

Hortaz, independentzia sozialismoa indartzeko eta kapitalismoa desagerrarazteko aldarrikatuta ere, independentzia kapitalismoan murgildurik egin behar da, estatugintza geure eskubideen alde borrokatzen garen bitartean egiten baita. Eta hementxe gaude trabatuta: lehentasunen hautuan, eta horiek abertzaleon artean adosteko ezintasunean. Baina nazio egiten gaituena ez al da komunean erabakitzen jarraitu nahi dugula? Hala bada, ezin da euskal estatua defendatu, soilik, sozialista bada, edo, soilik, euskalduna, edo, soilik, kristau-liberala. Hori defendatzen dutenak ez dira euskal estatuaz pentsatzen hasi ere egin. Eskozian, Quebequen eta Katalunian, herriak independentzia erreferenduma egitea adosten duenean, ez da zintzoen erreinua norena izango den erabaki dutelako.

Herriak ez baitu askatasuna zintzoa izateko aldarrikatzen, zer izan nahi duen herritarron artean erabaki ahal izateko baizik. Hor datza estatugintza eta trantsizio nazional demokratikoa. Posiblearen artean posiblea dena lortzeko, aldez aurretik, posiblea dena pentsatu eta lehenetsi behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo