GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: EUSKAL HERRIA

Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoaren desafioa gori-gorian

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Lurralde Elkargo bereziaren aldarrikapenak 2013ko agenda politikoan berebiziko garrantzia izango du. Inoiz erdietsi den adostasun handiena eskuratu ostean, Parisek eskakizuna aintzat hartzea izango da hautetsien eta gizarte eragileen erronka nagusia. Euskal lurraldearen erakundetzeak, bestalde, izango du eragina konponbide prozesuaren bilakaeran ere, aitortza horretan baitago gatazkaren muinaren zati bat.

p012_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Amaitzeko zorian dugun urte honetan lehen mailako gaia izan da Lurralde Elkargo bereziaren aldarrikapena, eta itxura guztien arabera, datorrenean ere hala izaten jarraituko du. Izan ere, Estatu frantseseko Deszentralizazioaren III. atala deritzon legeak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu lurraldeak, administrazioa eta erakundeak egituratzeko sisteman.

Horrek, zuzen-zuzenean eragingo du Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako panorama politikoan, lege horren barnean kokatu baita aspaldiko eskakizuna gauzatzeko aukera.

Batez ere abertzaleen eremutik urteetan egindako lana beste esparruetara zabaldu ostean, inoiz erdietsi den adostasun handienaz jantzi da Ipar Euskal Herrirako erakunde propioaren eskakizuna.

Hilabeteetako eztabaida sakonaren ondotik, lurralde elkargoaren aukerak joera politiko orotako hautetsi gehienen oniritzia jaso du. Ez hori bakarrik, Estatuaren aurrean eskaera hori irmoki defendatzeko erabakia ekarri du berarekin, Ipar Euskal Herriko geroa eta garapena bermatzeko -are eta gehiago krisi egoera honetan- bide egokiena dela ondorioztatu baitute.

Alta, agintera iritsi aitzin PSk bidalitako seinale baikorrak ilundu egin dira azken asteetan. Manuel Valls Barne ministroaren jarrera ukatzaileak gaina hartu eta Deszentralizazioaz arduratzen den Marylise Lebranchu gobernukideak erdi irekitako atea danbateko batez itxi duela dirudi.

Lege garapenean itxaropena

Legearen aurreproiektua aurkeztu dute, eta bertan ez da Ipar Euskal Herriaren inongo aipamenik jasotzen. Hala eta guztiz ere, udaberrian Asanblea Nazionalean eta Senatuan egingo den eztabaida lege esparruari dagokiona izango da, eta ondoren etorriko diren legeen garapenean dute itxaropena bai hautetsiek, baita erakunde propioa aldarrikatzen duten Batera plataformak eta gainerako alderdi, erakunde eta herri mugimenduek ere.

Hitzordu hori erabakigarria eta galdu ezinekoa dela jabetuta, norabide horretan ari dira buru-belarri aipatu eragileak. Herritarren eta lekuko hautetsien aldekotasuna areagotzeko helburuarekin.

Lurralde Elkargo bereziaren sorrerarako epemuga 2015a baino lehenagorako finkatu dute, hurrengo lurralde bozak orduan burutuko baitira. Lurralde aitortzaren gauzapenak, gainera, eragin zuzena du gatazkaren konponbidearen alorrean. Beste gai batzuekin batera (preso eta errefuxiatuen egoera, hizkuntz eskubideak...) Parisek badaki, berari dagokionean, aitortza horretan dagoela konponbidearen muina.

Esparru horretan, beraz, hainbat hautetsi eta ordezkari politikok zein Bake Bidea bezalako mugimenduek azaldutako engaiamenduak ere isla izan beharko luke urte berrian.

Hauteskunde eremuak aldatuz gero, Zuberoa Bearnorekin

Euskal lurraldeak «mehatxu» berri bati egin beharko dio aurre. Egiazko parekidetasuna bermatzeko xedearekin, duela hilabete lege aurreproiektu berri bat aurkeztu zuen Parisko Gobernuak, departamenduetako hauteskunde eremuen osaketa (kantonamenduak) gutxiengo biztanle kopuru batekin baldintzatuko duena (25.000 aipatzen da). Pirinio Atlantikoetakoak erdira jaitsiko lirateke (egungo 56tik 26ra). Halere, aldaketarekin kontseilari kopurua mantendu egingo litzateke kantonamendu bakoitzak emakume eta gizonezko hautetsi bana izango bailituzke.

Orain arte, 21 euskal kantonamenduek hiru lurraldeen eremua biltzen zuten eta hor zeukan Garapen Kontseiluak jarduteko esparrua. Horrek Ipar Euskal Herriko eremu fisiko eta geografikoa islatu eta nolabait aitortu ere egiten zuen. Legea bere horretan onartuko balitz euskal eremua apurtuko luke, Zuberoa bereizi eta Bearnoko Oloroe eskualdearekin lotuko bailitzateke.

Horrez gain, biztanle kopuruaren irizpide horrek euskal lurraldeen arteko desoreka handituko luke, kostaldeko kantonamenduekin alderatuz, barne aldekoek bi kontseilari izango bailituzkete. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo