GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: MUNDUA

Etsipenak ez du tokirik mundu berrian

Dabid LAZKANOITURBURU I

Zoritxarreko omen dator 2013. urtea. Hala errepikatzen dute behin eta berriz zorte txarra beti gainerakoon bizkarrera bota ohi diguten agintariek.

Munduan azken urteetan izan diren aldaketa izugarri eta positiboak txarrak izan direla konbentzitzen saiatzen ari dira. Txinaren eta gainerako potentzia berrien hazkundea, Latinoamerikakoak barne, munduan bizi diren biztanle gehienena, berri txartzat hartu behar dugu. Baita ere mundu arabiarra ernatu izana.

Noski, begi bistan da munduan gertatzen ari diren aldaketek badutela ondorio kezkagarririk. Potentzia berriek arazo sakonei egin behar diete aurre, eta kontraesanak hor daude, nonahi. Herrialde arabiarretan ere gauzak ez dira batere samurrak, eta Siriako sarraskiaz aparte, arazo politikoak eta ekonomikoak dira nagusi, Egipton zein Tunisian.

Baina mugimendua da ardatz, aipatu agertoki horietan. Aurrera begiratzea erabaki dute hango herriek, zailtasunak zailtasun. Iraganak eskaintzen dizkien ikasgaiak, onak eta txarrak, ahaztu gabe.

Honen harira, izugarria ere bada Mendebaldeko herrialdeotan sumatzen den egonezina. Badirudi malenkoniaren edota etsipenaren artean hautatu behar dugula, bata edota bestea. Ez dagoela besterik. Badago, ordea. Besteek egin dutena egin dezakegu. Gauzek ez dutela berez orain arte bezala izan behar. Badagoela zer egin. Beti egongo direla ezer aldatzerik nahi ez dutenak, orain arte ezagutu dugunetik at amildegia dagoela errepikatuko digutenak.

Ez ba. Murgiltzea erabaki dugunok kontziente gara hori dela irtenbidea. Eta 2013a erabakigarria izango dela. Zoritxarrekook zorionekoak gara, 2013. urte berrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo