GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Badugu zeri heldu

Gaur, 2012. urtearen azken egunean, gustatuko litzaidake irakurleen bihotzak epeldu eta aurpegiak irribarretsu jarriko lituzkeen zerbaiti buruz idaztea, gogotsu esateko agur batere erraza izan ez den urte honi eta, batik bat, itxaropentsu egiteko harrera hurrengoari, guztiak, guztiok, hoberantz egingo dugulakoan. Edozein urteren azkeneko egunak baduelako nolabaiteko xarma, eta ez dut gustuko distira zapuztea. Helburu zaila nirea... baina ezinezkoa ote?

Badoan urteari errepasoa eginez gero, murrizketa eta eskubide zanpaketa besterik ez dagoelako, hala nola arlo ugaritan atzera joateko eta beste asko nahasteko denetariko saiakerak. Oro har, ez da urte oparoa izan herritarrontzat, langileontzat, zeresanik ez langabeentzat. Herritarrontzat, suminez eta haserrez beteriko urtea izan da, eta hala erakutsi dugu, grebetan, izaera desberdinetako ekintza eta ekitaldietan; kaleak, zentzu horretan, ez dira lasai ibili, hori gure alde. Kolpeak horrenbeste aldetatik jasotzen direnean, inola ere ez erreakzionatzeko arriskua handia izaten delako, elkartasunean antolatzeko gaitasun paregabea eduki ezean. Eta kolpeak, aurten, ezker-eskuin etorri zaizkigu.

Beraz, datorren urteari begira, izpi txikitxoren bat aurkitu nahi badut, herritar xumeon gaitasun horri heltzen diot. Ez dirudielako 2013an gauzak erabat irauliko direnik; jendarteko edozein esparruri erreparatuta, nola kudeatzen ari diren edo nola kudeatzeko asmoa duten kontuan hartuta, protesta eta presio egiteko gure ahalmen horrek ezinbestekoa -eta izugarria- izaten jarraituko beharko du. Eta ahalmen hori, gainera, elkartasunezko hariez elikatu beharko da, «salba beza nork bere burua» erako jendartea eraikiko ez badugu. Nire ustetan, adibide asko eta asko daude egunerokoan, pertsonen aldetik, izenik gabeko norbanakoen aldetik, jendarte mota hori uste duguna baino askoz ere jende gehiagok arbuiatzen duela sinesteko. Agian, krisiak eragindako astakeria eta ondorio penagarri guztien artean, indartsu sentitzeko eta belzturan kolorerik ikusteko arrazoia hori dugu: lokarturik zirudien elkartasun eta aldarrikapenerako grina indartsuago esnatu dela.

Ez gaude langabeak alde batetik, langile izorratuak bestetik, emakumeok geurean gu bakarrik, etorkinak euren artean isolaturik... ez gaude bakoitza bere zilborrari soilik begira. Nahiko lukete hori gobernu(eta)ko agintariek, nahiko lukete jakina delako batasunak indarra egiten duela, eta bereizketa, aldiz, garaipenerako lehenbiziko estrategia dela. Zenbat eta fronte ireki gehiago, orduan eta zailago elkarrekin irautea, akiduraren akiduraz etsi arte.

Euskal Herrian, baina, ez dugu amore ematen. Jendarte borrokalaria gara, belaunaldiz belaunaldi egiten diegu aurre injustizia, zanpaketa eta boteretsuen joko zikinari. Eta salbatuko bagara, printzipiorik gabeko herritar masa hutsa izatetik, uste dut horri esker izango dela, izan ere, gobernatzen gaituztenek, aurten, guztiz kontrakoaren aldekoak direla jakinarazi besterik ez digute egin. Izpi txikia ez delako horren ñimiñoa, zuek ere hel iezaiozue 2013an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo