GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: KULTURA

Nola biziraun kulturan gainera datorkigun urte berrian?

Murrizketak arlo guztietan izan badira, kultura arloan zer esanik ez. Urte zaila izan da esparru ezberdinetako sortzaileentzat eta aurreikuspen ilunen aurrean, egoera berrira moldatu beharko nola hala.

p030_f01.jpg

Ane ARRUTI |

Entretenimendu gisa ulertu izan dute politikari askok kultura. Luxu bat, bizitzen ari garen egoerarako. Estatu espainolean %8tik %21era igo dute BEZ zerga, adibidez. Zinemara joatea euro batetik gora gehiago kostatzen da, diskoak 50 zentimo inguru garestiago eta zenbait ikuskizun ikusteko zortzi euro gehiago ere ordaindu behar dira. Hainbat sortzaileri galdetu diegu nolakoa izan den 2012. urtea, baina, batez ere, 2013rako aurreikuspen ilunen aurrean, zein irtenbide ikusten dituzten biziraun ahal izateko.


Mireia GABILONDO

Zinema eta antzerki zuzendari eta aktorea

«Ikuskizunak egin eta gero, armairuan gelditzen dira, estreinatu gabe»

“Barrura begiratzeko leihoak” dokumentalaren zuzendarietako bat da Mireia Gabilondo, baina horrez gain, Ttanttaka taldearekin ere badabil antzerki zuzendari, gidoilari eta aktore lanetan. 2012an antzoki eta herrietako emanaldiak nabarmen jaitsi direla dio, «pena da, gero eta gehiago, ikuskizunak egin, lantzen denbora pasa, eta badaukazunean, erakutsi ezinik gelditzen zara. Eta hori da pasa daitekeen okerrena. Pentsatzen duzu, orain zer egin behar dut, beste bat? Zertarako? Berriro ere armairuan gelditzeko?».  

Ordainketak ere atzeratu egin direla dio Gabilondok. «Talde asko daude zorra ordaindu ez dietenak eta ezin diote aurre egin egoerari. Zure langileei ordaindu egin behar diezu, zure hipotekak, alokairuak… Ikuskizun baten atzean jende pila bat dago, ez bakarrik oholtza gainera ateratzen direnak, jende asko bizi da hor inguruan».

Diru laguntzak murriztu egin direla dio, eta lehen ziren batzuk desagertu. BEZ zergaren igoerak, berriz, lehendik gaizki zeudenak kinka larrian jarri ditu, baina bada hori ekiditeko trikimailurik asmatu duenik ere. «Bartzelonan hasi dira egiten, antzerkia dela edo dantza dela, sarrerak saldu beharrean, azenarioak eta tomateak saltzen. Tranpa txiki bat da, azkenean azenarioa saltzen baduzu ez duzu BEZ hori guztia ordaindu beharrik».

Momentuko soluzio moduan ongi ikusten du Gabilondok azenarioen teknika, «umore pixka bat jartzearren», baina kulturari dagokion tokia eman behar zaiola dio. «Uste dut borroka egin beharko dela dirua lortzeko kulturarako ere, eta diru publikoa, bere tokia edukitzeko, garrantzia daukalako. Beste kontu bat da, ez bada lortzen beste gauza batzuk egin beharko direla, noski».

Zinez ekoiztetxearekin crowdfunding-era jo zuten “Barrura begiratzeko leihoak” finantzatu ahal izateko. «Gure kasuan ezin hobea izan zen emaitza. Jendearen erantzuna hain izan zen polita, bat-batekoa… Horrelako gauzak egitea, pentsatzea, ez dago gaizki, baina pena da horretan gelditzea bakarrik».

Zineman ere diru laguntzak asko jaitsi direla dio. «Euskal Herrian oso pelikula gutxi egin dira. Nik neuk pertsonalki oso urte ona izan dut, ezin naiz kexatu, baina zinema egitea oso garestia da. Nahiz eta momentu batean esan oso merke egingo duzula, murriztea zer da, jende guztiak ez kobratzea? Behin egin dezakezu, baina bizitza guztian kobratu gabe…».


Oier GUILLAN
Idazlea

«Hartzaile aktiboaren rola zabaltzen ari da hainbat ekimenetan»

Idazle eta kazetaria da Guillan eta aurten sortu berri den Edo! argitaletxeko kide ere bai. Funtzionatzeko modu ezberdina duen argitaletxea da, bazkideekin eta erabakiak asanbladan hartuz. Errenteriarrak bere izenean hitz egin digu.

BEZaren igoera «porrot egin duen funtzionatzeko era bati petatxuak jartzea» dela uste du. «Beste gizarte sektore batzuetan gertatzen ari den moduan, hartzen diren neurriak botere ekonomiko handien neurrira daude pentsatuak, eta ez langileen, kasu honetan artisten eta kultur eragileen neurrira. Kultur arloa sistema ekonomikoaren logikan antolatzen eta integratzen saiatu da gure gizarte-sistema azken hamarkadetan, eta hori ezinezkoa da, kulturak kulturaren logikari erantzuten diolako, zentzu ekonomiko hertsi batean gehienetan defizitarioa delako; sortzaileak enpresari bilakatzen saiatu gara askotan, eta ahalegin horrek sorkuntzari eta haren zabalpenari begira sarritan kontrako efektua izan du, kulturari kalte egin dio. Horregatik kultur arloa zentzu ekonomiko batean krisian egon da beti, eta oraingo boladak sentsazio hori areagotu besterik ez du egin.
Euskal Herrian sormena ez dago krisian, baina sormena plazaratzen laguntzen duten hainbat arlo desagerrarazi edo arrisku bizian jarri ditu, eta hori bai, oso kezkagarria da: ‘Sautrela’, ‘Nabarra’, ‘Beterriko liburua’, egunkarietako gehigarri espezializatuak eta kultura orrialdeak... erdarazko sorkuntzak proportzioan Euskal Herrian bertan zirrikitu gehiago ditu jendaurrera agertzeko».

Urte berrian aurrera nola egin? «Kaltetuen arteko elkartasunaren zentzu sakon batekin, hasteko», proposatzen du. «Gertatzen dena ez onartuz». «Sistemaren porrot edo autoberreraikitze honen inguruan gogoeta sakona egin behar da, zabala, kritikoa eta publikoa; bigarrenik, oraingoz halabeharrez sistema horren barruan bizi garenez, krisiak kudeatzeko moduak eta moduak daudela esan behar da ozen, eta oraingoz, langileen aldeko neurri gutxi ikusi dut nik. Kulturaren kasuan, Hego Euskal Herria Espainiako eredua pairatzen ari da, alegia, kultura baloratzeko kultura gutxi, hainbeste goraipatzen den Europa horretako beste leku askotan gertatzen ez den bezala. Ipar Euskal Herrian kulturarako laguntza mota eta zirrikitu gehiago egon izan da, nahiz eta euskarazko sorkuntza sarritan modu sistematikoan baztertua izan».

Sortzaile ikuspegitik, «krisirik gabe ere badira lan egiteko modua aldatzen ari diren zantzuak», dio, «sorkuntzan baino gehiago kultura bizitzeko moduan: batetik hartzaile aktiboaren rola zabaltzen ari da hainbat ekimenetan, kultur eragileek, irakurleek, ikusleek... protagonismoa hartu dutelarik kasu askotan, haien irudi pasibo eta akritikoaren irudia bazter utzirik». Teknologia berriek kultura pentsatzeko eran eragina izango dutela uste du, «kultura askearen inguruko gogoeta azkar ari da gizarteratzen, zabaltzen, barneratzen, eta horrek kultura beste modu batean antolatzeko erak ekar ditzake, krisiarekin edo krisirik gabe. Ereduen krisi bat da oinarrian dagoena, hala ekonomian nola kulturan».

«Egun errazagoa da autoedizio eta autoantolakuntza bideak hartzea, ideia horiek Interneten bidez azkar errotzen ari direlako gizartean, gauza berrien gose garelako, proiektuetan parte hartzaile aktiboak sentiarazten gaituzten bideen beharrean garelako».


Unai LOBO
Musikaria eta kontzertu antolatzailea

«Ezin dugu kultura albo batera utzi, beharrezkoa ez den zerbait bezala»

Betagarri taldean jotzen du Unai Lobok baina horretaz gain, zenbait talderen kontzertuak antolatzen ditu. Zuzenekoak ere asko jaitsi dira, «gure taldeak orain urte gutxi batzuk jotzen zuenaren erdia jotzen du gutxi gorabehera. Horraino heldu gara. Baina esango nuke hori ez dela latzena. Edozein lanbidetan bezala, deserosoena, zailena, aurrerantzean zer izango den ez jakitea da. Orain gauden bezala geratuko garela jakinda, zure planak, zure zenbakiak, edo lan egiteko modua erabaki dezakezu. Baina inork ez digu ziurtatzen egoera txarrago batean aurkituko ez garenik».

Betagarri taldean egoera berrira moldatu behar izan dutela azaldu du, orain bi urte soldata %20 jaitsi zuten, «eta urteetan zehar Gizarte Segurantzan urte osoan altan emanda egon gara, orain kontzertu bakoitzerako egin behar dugu, gastu hori ezin baitugu jasan».

Emanaldietatik «dirua ez irabazteko nahiago dut lagunekin garagardoa edaten egon, edo semearekin zinemara joan», dio argi. «Askotan musikariak dira gure lanari balioa kentzen diotenak. Guretzat behintzat musika ogibidea da, eta kasu oso konkretu batzuk izan ezik, lana, gurea eta edonorena, ordaindu behar da. Hori, langile batek ulertzen ez badu, arazotxo txiki bat dauka».

«Ulergarria da, egoera aldatuta, denak horretara moldatzea, baina ez dut ulertzen askok egiten dutena, prezio bat izanda, gero edozeren truke aritzea. Ni, kontzertu antolatzaile bezala, beti saiatzen naiz taldeari ahalik eta gehien ordaintzen, nahiz eta akordio batera heldu behar, inoiz ez diot esango erdiagatik etortzeko. Eta gertatu zait talderen bati katxe osoa ordaintzea herri bateko jaietan aritzeagatik, eta hortik gutxira jakin beste nonbaiten aritu izan direla, katxearen heren bategatik. Hori ez da inorentzat onuragarria. Are gutxiago beraientzat».

Aurrera begira, ezin jakin zer etorriko den, eta «ezin plan zehatzik izan. Duintasunez eta borrokatzen, hori ziur. Ez diezazkigutela duintasuna edo elkartasuna bezalako balioak galarazi. Txiroago egin nahi gaituztela argi dago, baina ez dezagun ahaztu orain arte izan dugun guztia borrokaren bidez lortu dugula. Eta horrela izaten jarraitu beharko du».
«Uste dut Internet tresna oso baliagarria izango dela taldeentzat, publizitatea askoz merkeago izateko, taldea ezagutarazteko, jarraitzaileekin harreman zuzena izateko…». «Gauza asko egin daiteke, bonuak, sarrera merkeak. Iparraldean adibidez, herriko jaietan ere, plaza itxi eta sarrera txiki bat ordaindu behar da, udalak dirua jartzen du, baita ikusleek ere. Ezin duguna da kultura albo batean utzi, beharrezkoa ez den zerbait bezala».


Gorka OTXOA
Aktorea

«Zenbaiti ekonomikoki ez die konpentsatzen lan egiteak»

Bera lan dezenterekin badabil ere, aktoreentzat orokorrean urte «tamalgarria» izan dela uste du Gorka Otxoak. Madrilen eta Euskal Herrian dabil lanean, eta hemendik kanpo dagoenaren ikuspegia ere eman digu. «Ekoizpena izugarri jaitsi da, dirurik ez dagoen aitzakiarekin edo errealitatearekin. Zinema oso-oso gutxi egin da, subentzioak jaitsi direlako eta BEZaren igoeragatik. Lehen gaizki baldin bazegoen, orain zeresanik ez.
Telebistan ere oso telesail gutxi egin dira eta antzerkian berdin. Estatu mailan datu batzuk atera ziren. Irailetik aurrera antzerki sarrerak %40 jaitsi ziren Bartzelonan eta %30 Madrilen. Orain produktoreek beldurra daukate antzezlan berriak sortzeko».

Lan baldintzek ere okerrera egin dute aktoreentzat. «Soldatak orokorrean asko jaitsi dira. Produktoreek ‘diru hau daukat’ esaten dizute, duela urte batzuk baino askoz ere gutxiago, eta badakite zuk hartzen ez baduzu beste norbaitek hartuko duela eta horrekin jokatzen dute. Ez aktoreetan bakarrik, teknikarietan, zuzendarietan, gidoilarietan… arlo guztietan izugarri jaitsi dira. Batzuei ez die konpentsatzen lan egiteak ere, batez ere teknikarietan».

2013ak «hobetzeko itxurarik ez dauka», dio. «Madrileko gobernuak ez dauka intentzio handirik subentzioen kontuak aldatzeko. Mezenasgo antzeko bat planteatu zuten, baina ez dute zehazten… Nik uste pixkanaka beraien ideia zinema hiltzen joatea dela eta antzerkia berarekin batera. Telebista badirudi pixka bat mugitzen ari dela Madrilen datorren urteari begira, baino ikusi beharko da».

Ekoizpen ezberdinak egiten hasi direla ikusi du Madrilen, «horrelako kasuetan ere modan jartzen da kobratu gabe lan egitearena. Baina jendeak jan egin behar du eta hipoteka ordaindu. Jende askok ilusioarekin eta esfortzu handia eginez gauza berriak egitea eta produkzio mota berriak egitea, ondo dago, baina arrisku hori dauka». Antzerkian, berriz, formatu berriko antzezlanak eta antzezlekuak sortu dira. «‘Mikroteatro por dinero’ eta horrelakoetan, denbora laburrago batean, 4 eurogatik funtzio bat ikus dezakezu. Edo agian ordu laurdeneko obrak ikus ditzakezu bost edo sei… Edo etxeetan hasi dira egiten baita ere… Badira formatu berriak eta aukera berriak, baina bizitzeko normalean ez dute ematen».


Haizea BARCENILLA
Arte komisarioa eta kritikaria

«Geure lanak jakintza produkzioan duen garrantzia aldarrikatu behar da»

Egoera iluna deskribatu digu Haizea Barcenillak artearen munduan. «Produkziorako azpiegiturak asko sufritzen ari dira: Artelekuk ez du uholdeak eta gero gora egin, Krea ez da irekitzera iritsi, diru laguntzak existitzen badira ere, ziurrenik murrizketak egongo dira, Montehermosoko bekak ere desagertu dira... Erakusketarako aukerak ere ez dira bikainak: Montehermosok atea itxiko du, berdin bestelako leku txikiagoek (Patxi Buldain museoak esaterako), Artiumen EREa dute, Bilbon ez dago artista gazte interesgarrien lanak erakusteko instituzio oso aipagarririk... Okerrena, hala ere, dugun azpiegitura handien sistema zalantzan ez jartzea da. Ez gara konturatzen geure politikak AHTrenak izan direla kulturan: eraikin ‘markak’, kultura homogeneizatu baten ‘marka’ garestiak sortzea, ez direnak jasangarriak eta ekosistemari mesederik egin ez, eta bere beharrak asetzen ez dituztenak. Okerrena da ekonomian, azpiegitura zibiletan, zaborretan, paradigma aldaketa aldarrikatzen dugun bitartean, ez dugula kulturan horren beharra ikusten. Eta beste edozein lekutan bezain argia da».

Zenbait artista dagoeneko bide berriak bilatzen hasi dela dio. «Batzuek jada alde egin dute, eta ziur batek baino gehiagok bidea jarraituko duela. Batzuk saiatu dira bestelako proposamenetan oinarritzen, elkarlanean, kolaborazioetan, crowdfunding-ean. Bestelako ereduak aurkezten. Hor egongo da ziurrenik ekoizpenik interesgarriena».

Arte profesionalen eskubide laboralen defentsa aldarrikatzen du. «Ez dugu ahaztu behar artistak, kritikariak, ekoizleak orokorrean ere profesionalak direla. Agian programak txikiagoak izan beharko dira, erakusketa aretoak txikiagoak, ekoizpen estuagoak, beste espazio batzuk erabili beharko dira, jada existitzen diren baliabideak; baina zalantzarik gabe, beste arloetan bezala geure lanaren garrantzia jakintza produkzioan, kultura produkzioan, aldarrikatu behar da, eta horrekin bat datozen eskubide laboralak. Eta bitartean, elkar lagundu, besteongan pentsatu, eta aukerak etortzea itxaron baino lehen, aukerak sortzea. Badira horrelako ekintzak jada: Kafea eta gailetak, ColaBoraBora, Inteligencias Compartidas eta beste asko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo