GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Gorozika Pikasarri I Itzubaltzeta-Erromoko Herrira

Animo eta eutsi goiari, Kitxu!

Sermoigileak kartzela politika kritikatu zuen, esanaz, preso dagoen semeari lapurtu egin diola amari azken muxua emateko aukera

Lehenik eta behin eta une zail hauetan, besarkadarik bero eta zintzoena helarazi nahi genizuke Valladolideko ziega hotz horretara. Erromoko herria zurekin dago! Maite zaitugu, Kitxu!

Gehienok, 18 urte luzeotan, gure herriko horma desgastatuetan ezagutu zaitugu, beti irribarrez, beti duin. Askok, Erdialdeko Amerikako gerra eta parapente magikoen hitzak elkartzen entzun dugu zure ahots sendo baina era berean goxoa. Behin eta berriz saiatu dira zure aurpegia bahitzen, agian despistatu batek betiko desagertu zarela uste izateko.

Abenduaren 24ko arratsaldea heldu zen, zure ama Angelitaren hileta, eta auzoko herritar guztiok bertan geunden, momentu gogor hauetan zu laguntzeko helmugarekin. Polizia-autotik atera zintuzten eskuburdinez loturik elizan sartzeko eta lehenengo oihu eta animoak heldu zitzaizkizun; bueltan, zure irribarre ezkutua gure bihotz hunkituetara iritsi zen. Honekin batera, demokrazia eta bakea kolpez defendatzen duten kasko-gorriak heldu ziren bultzaka, baina zurekiko maitasuna are indartsuagoa denez, bertan geratu ginen, ixilik baina aurrean. Eliza barruan ere, armairu armatuz inguraturik zeunden. Nora uste zuten ba alde egingo zenuela? Zer uste zuten, bada, zure auzokideok egingo genuela? Sermoigileak kartzela politika kritikatu zuen, preso dagoen semeari azken muxua ama gaixoari emateko aukera lapurtzen diola esanaz. Sartu zintuzten ate berberetik atera zintuzten, eta zu ikustean erortzen zitzaizkigun malkoak irentsi eta amorru bihurtu genituen. Ehunka eta ehunka animo garrasi urratu, mila muxu eskaini genizkizun, eskuetan sua sortu arteko txalo zaparrada, hitzik behar ez duten begiradak, ukabilak gora... Nahiz eta armekin, maitasun adierazpen horiek guztiak ezabatu nahi izan, nahiz eta gure kontra oldartu, ez genuen pausorik atzera egin eta azkenera arte, zure ondoan gelditu ginen. Zin egin genuen bezala.

Euren legearen arabera, aspaldi egon behar zinen libre gure artean, zure amaren besartean; eta zu bezala noski, ehunka euskal preso politiko. Gaixoak, kondenaren 3/4 eta 2/3 bete ditu-zuenok, doktrina maltzur eta bihozgabekoa jasaten zaudetenok, kilometro amaiezinetara sakabanaturikoak, sorterria atzean utzitako iheslariak. Madrileko zein Pariseko gobernuek xantaia gisa erabiltzen dituzte preso politikoak, aurrera doan prozesua stand-by-ean abandonatzeko. Trukean jolasteko txanpon bezala dauzkate euren beldurrezko ziegetan, presoak, senide eta lagunen oinazea luzatzeko. Beraz, zuongatik, guregatik eta gure hurrengoengatik ezin dugu partida hau galdu, irabazteko ordua heldu zaigu, orain edo inoiz ez! Lehenik, Urtarrilaren 12an Bilboko karrikak eztanda eginarazi behar ditugu eta 13an, 14an, 15ean... ere bai, gure exijentzia demokratiko eta humanoa geldiezina bihurtu arte. Olatu erraldoia eratu behar dugu, sasi mandatariei, indarrean daukaten espetxe politikak kostua ekar diezaiela, bertan behera uztera behartuta senti daitezen.

Azken hitzak zuretzako dira Angelita. Lasai eta harrotasun osoz joan, joan beharreko tokira, eta orain deskantsatu, merezita daukazu-eta. Angelita, adiorik ez dago, gero arte baizik. Animo Kitxu, zurekin gaude eta betiko egongo gara!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo