GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentistak Sareak Gorbeiara eta Montañora mendi martxak egin ditu

Urtero bezala, Independentistak Sareak urteko lehendabiziko eguna baliatu du mendi martxak antolatzeko. Aurten bi tontor egin dituzte. Bata, Montaño mendia, Bizkaiko meatzalde inguruan, eta bestea Gorbeia. Bietan nabarmentzekoa izan da parte hartzea.

p012_f01.jpg

GARA |

Gazte eta nagusi gehienek Gabonzaharreko ajea izara artean pasatzen zuten bitartean, Independentistak Sareak mendi martxak eginez hasi zuen urtea, azken aldietan egin duen bezala. Montaño eta Gorbeia mendiak berdez margotu zituzten bertaratutako dozenaka lagunek. Antolatzaileak pozik agertu ziren jasotako erantzunarekin eta sortutako giroarekin.

Hitzordua goizeko hamaiketan jarria zuten, Las Carreraseko plazan. Logure aurpegiarekin, bertan batu ziren berrogei bat lagunak aldapan gora abiatu ziren. Eguraldiak ez zuen batere lagundu, etengabe euritan eta hotz handia izan zelako, baina igoeran parte hartutakoek ziurtatu zutenez, euren artean giroa eta aldartea onak izan ziren hasieratik amaierara.

Parte hartzaileek, sareak aurretik eskatu bezala, Independentisten zapiak eta banderolak eraman zituzten. «Martxa Berde» berezi horretara estaturik gabeko beste nazio askoren ikurrak ere gehitu zizkioten. Eskoziako ikurra, Estelada katalana, Saharako bandera edota Ipar Irlandakoa ikusgai izan ziren Montañon.

Tontorrean, mendigoizale adoretsuak batu, eta «Argazki Berdea» atera zuten, aldarrikapen gisara. Eguraldi txarrak gainean denbora asko geratzea eragotzi zuen, eta hortaz, ezin izan zuten bestelako ekitaldirik egin, abestea, eta abar... Independentistak Sareko kideak, halere, oso gustura geratu ziren ekimenarekin, eta datorren urtean errepikatu egingo dutela iragarri zuten.

Gorbeian gora

Meatzaldean giroa ederra izan bazen, Araba eta Bizkaia batzen dituen Gorbeia handian bildutakoak ez ziren atzean geratu. Berrogeita hamar lagunek gogotsu ekin zioten igoerari Arrabako zelaietatik gurutzerako bidean.

Montañoko igoeran bezala, honakoan ere euri eta haize zakarrari aurre egin behar izan zieten mendigoizaleek. Gainera, Gorbeia altuagoa izanik, baldintza meteorologikoak are okerragoak izan ziren, eta zenbait arazo sorrarazi zituzten. Arrokak biltzen diren gunea eta azken aldapa famatua bereziki gogorrak egin zitzaizkien denei, eta batek baino gehiagok beste mendizaleen laguntza behar izan zuen, irris egiteko arrisku handia zegoelako.

Montañon bezala, banderak eta zapiak eraman zituzten parte hartzaile guztiek. Batzuek makila modura ere erabili zituzten banderolak, ibilbideak gorantz egin zuenean. Batek baino gehiagok ibiliko du buruan mendira doan hurrengoan trikimailu berri hau baliatzea.

Gorbeiako gurutze famatuan argazkia atera zuten denek. Haizea zela-eta, arrapaladan egin behar izan zuten «Argazki Berdea», eta ezin izan zuen gozatu Gorbeiako gaineko paisaiaz. Hurrengo urtean izango da.

Independentziaren aldeko akuilu onenari, «Sari Berdea»

Urteberri egunean bi mendion igoera egitea ez ezik, Independentistak Sareak beste ekimenik ere badu esku artean egunotarako. «Sari Berdea 2012» martxan jarriko duela adierazi du Sareak bere webgunean.

Bertan azaltzen duenez, helburua «independentziaren etsaia izanik, independentziaren alde egin duen pertsonaia publikoa saritzea da». Ekimen honen bidez, sareak «azpimarratu nahi du izugarrizko lana egiten dutela independentziaren alde Espainia aldetik astakeriak botatzen dituzten guztiek». Independentziaren kontrako jarrera edota jarduera berezia izan dutenak ere hautagai izango dira.

Ekimena Interneten bidez egingo dute. Parte hartzeko aukera izango da Twitter-en bidez (#sariberdea2012 etiketa erabiliz) edota Facebook-en bidez, Independentistak Sareak horretarako berariaz sare sozialean finkatutako orrialdean. E-mailen bitartez ere bozkatu ahal izango da, hautagaien izenak info@independentistak.net helbidera bidaliz.

Urtarrilaren 15era arte, hautagaien izenak batuko dituzte. Hortik aurrera, izen horien artean hautatzeko txanda izango da, hilaren 31 arte. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo