GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarak Osakidetzan duen bazterketa amaitzeko eskatu dio EH Bilduk Lakuari

Koalizioak legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Osakidetzan euskararen egoera normalizatu dadila eskatzeko. Besteak beste, Osabide barne programa informatikoa gaztelania hutsean dagoela salatu dute, eta hiru hilabeteren buruan euskaraz ahalbidetzeko eskatu dute.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Osakidetzan euskarak duen egoerarekin arduratuta, Aitor Montes Aramaioko sendagileak hamaika ate jo ditu sistema publikoan egiten diren hizkuntza eskubideen urraketak behingoz amaitzeko. Jo duen ateetako bat izan da EH Bildurena, eta hain zuzen, koalizioak eskaera hori Gasteizko Legebiltzarrera eraman du legez besteko proposamen baten bidez.

Helburu nagusia, euskarak lehen mailako arretan tokia edukitzea da, Rebeka Ubera legebiltzarkideak atzo GARAri adierazi zionez. Montes sendagileak salatu duenez, lehen arretan diharduten administrari, erizain eta langileek Osabide deitutako programa informatikoa erabiltzen dute egunero. Pazienteen datu guztiak dituzte hor: diagnostikoak, historia klinikoak, tratamenduak, eta abar... Programa 1999. urtean abiarazi zen arren, gaur egun gaztelaniaz soilik dagoela erabilgarri ohartarazi du Montesek, baita EH Bilduk berak ere, legez besteko proposamenean.

«Gaixoen hizkuntza eskubideak urratzeaz gainera -kexu zen Ubera-, langileen eskubideak ere urratzen dira, ezin baitute beren eguneroko betebeharra euskaraz egin». Egoera honek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen duela iritzita, programa «hau eta beste asko» euskaraz ahalbidetzea ezinbestekoa dela eskatu du Uberak.

Urrats antzuak

Deigarria da baita ere orain arte erabakiak hartu hartu direla, baina ez direla praktikara eraman. Esaterako, 2003ko martxoan Lakuak 67/2003 dekretua ebatzi zuen Osakidetzan euskararen egoera normalizatzeko, eta horretarako oinarriak ezarri eta zehaztu ziren. Horrez gain, Osakidetzako Kontseiluak 2005eko maiatzean Euskara Plana onartu zuen. Hain justu, testuaren laugarren atalean aipatzen dira programa informatikoak, eta honakoa adierazten du: «Baliabide teknikoak eskuratzeko modua egonez gero, Osakidetzako jarduera sanitario eta administratiboari eusten dioten tresna informatiko espezifikoek bi hizkuntza ofizialetan jarduteko aukera eman beharko diete erabiltzaileei».

Plan honek sei urte ditu, eta geroztik bi ebaluazio egin zaizkio. Azken ebaluazioaren arabera, Osabide lan tresnaren hobekuntza lehentasunezkotzat hartu zuten.

EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamenean Lakuari eskatu dio, besteak beste, Osabiden euskararen erabilera normaliza dezala hiru hileko epean, eta urrats irmoak egin ditzala, bereziki, eta lehentasunez, lehen mailako arretan -bereziki haur zerbitzuetan-, erabiltzaileei harrera egiteko atalean eta medikuntza orokorrean.

bitartekoak

Legealdi honetan Osakidetzan herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalkuntza sustatu eta garatzeko eskatu dute legez besteko proposamenean. Horretarako bitarteko ekonomikoak jartzea beharrezkotzat dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo