Urtarrilaren 12ko deialdiak atxikimendu gehiago batu ditu
Urtarrilaren 12an Bilbon izango den manifestazioaren prestakuntza azken txanpan sartu da. Bide luze honen azken zati honek bultzada indartsua jaso zuen atzo, euskal gizarteko arlo ugaritako lagun ezagunen atxikimenduarekin. Bertsolariak, aktoreak, idazleak, kazetariak, atzoko eta gaurko kirolariak, unibertsitateko irakasleak, eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak... denek luzatu zioten babesa euskal preso politikoen eskubideen aldeko martxari.
GARA | DONOSTIA
Urtarrilaren 12ko manifestazioaren prestakuntza erritmo onean doa aurrera. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko martxak ehunka atxikimendu batu zituen atzo, kultura, kirol, irakaskuntza, kazetaritza eta politika arloetan ari diren lagun ezagunen partez.
Jose Mari Agirretxe Porrotx-ek eta Miren Tolaretxipik, Herriraren izenean, zerrenda aurkeztu zuten atzo, Donostian. Bilboko mobilizazioan parte hartzera deitu zuten, «argazki historikoa» osatzeko, «sigla, kolore eta ñabarduren gainetik, pankartaren atzean sekulako jendetza batzeko».
Agirretxek eta Tolaretxipi andereño historikoak azpimarratu zutenez, «iraganeko errezetek ez dute balio Euskal Herrian irekitako aro politiko berriari aurre egiteko. Espainiar eta frantziar estatuetako gobernuak ez dira nor presoen eskubideekin espekulatzen jarraitzeko».
Haiekin batera, manifestazioari babesa ematen dioten zenbait aurpegi ezagun izan ziren bertan, esaterako, Ramon Labayen, EAJko kide historikoa, edo Javier Madrazo, Lakuako gobernuko sailburu ohia.
Ehunka izen eta ogibide
Atzo aurkeztutako atxikimenduen zerrenda luzea eta askotarikoa da. Arlo ugaritatik batu ziren norbanakoak, baina kulturak berebiziko pisua dauka zerrendan, izenen portzentaje oso nabarmenak zerikusia handia daukalako herri honetako produkzio kulturalarekin.
Horren adibide garbiena bertsolaritza da. Izen ugari ageri dira zerrendan, hala nola: Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Inaxio Vidal, Iratxe Ibarra, Jon Maia, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Peio Ormazabal, Uxue Alberdi eta Xabier Silveira.
Abeslari eta musikarien ordezkaritza ere nabarmena da. Zerrendan daude, besteak beste, Aiora Renteria, Zea Mayseko abeslaria, Alex Sardui, Gatibukoa, Eñaut Elorrieta, Fran eta Zuriñe, Hesian taldekoak, Gontzal Mendibil, Gari, Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Iñigito Txapelpunk, Juan Sangre, Keu Agirretxe, Maria Rivero (Siroka eta Hutsa), Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Roberto Moso, Ruper Ordorika, Txerra Bolinaga (RIP), Xabi Solano, Esne Beltzako liderra, edota Evaristo Paramos, La Polla Records eta Gatillazoko abeslari mitikoa.
Antzezleen aldetik ere zenbait izen ezagun agertzen dira, zineman, telebistan edo antzerkian ibilitakoak. Hor dira Ander Lipus, Eneko Gantxegi, Gotzon Sanchez, Hodei Uriarte, Itziar Ituño, Itziar Rekalde, Josean de Miguel, Niko Lizeaga, Patxi Bisquert edota Ramon Barea.
Idazleak ere badira, hala nola: Edorta Jimenez, Eider Rodriguez, Fito Rodriguez, Gotzon Barandiaran, Irati Jimenez, Jon Arretxe, Joseba Sarrionandia, Julen Gabiria, Kirmen Uribe, Lander Garro eta Miren Agur Meabe.
Kultura alde batera utzita, kirolari ugarik, egungo eta lehenagokoek, babestu dute deialdia: Amets Txurruka, Asier Riesgo Mane, Endika Guarrotxena, Eñaut Zubikarai, Iker Pou, Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal, Markel Irizar, Mikel Astarloza, Oinatz Bengoetxea, Oskar Lasa eta Tiko Athleticeko jokalari ohia.
Kazetaritzaren arloak ere babesa adierazi dio urtarrilaren 12ko martxari. Horra hor Agustin Goikoetxea, Aitziber Laskibar, Alberto Pradilla, Ane Zabala, Ane Irazabal, Asier Korta, Gari Mujika, Imanol Murua, Iñaki Landa, Irune Berro, Marta Morales, Mirari Isasi, Ohiana Elduaien, Saioa Totorika edota Urtzi Urrutikoetxea.
Magistraturako kide askok ere bere atxikimendua adierazi dute: Ander Iturriotz, Arantza Urkaregi, Bea Narbaiza, Asier Blas, Francisco Letamendia Ortzi, Iñaki Alegria, Iñaki Lazkano, Iratxe Fresneda, Jose Mari Pastor, Joseba Felix Tobar Arbulu, Joseba Zulaika, Mario Zubiaga edota Txema Ramirez de la Piscina.
Alaia Martin, Amets Arzallus, Igor Elortza, Andoni Egaña, Aiora Renteria, Ruper Ordorika, Xabi Solano, Evaristo, Edorta Jimenez, Eider Rodriguez, Lutxo Egia, Kirmen Uribe edota Lander Garro.
Ander Lipus, Hodei Uriarte, Matxalen de Pedro, Niko Lizeaga, Itziar Ituño, Ramon Barea, Patxi Bisquert, Eñaut Gantxegi, Itziar Rekalde, Josean de Miguel edota Eneko Sagardoi antzezleak.
Oinatz Bengoetxea, Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal, Mikel Astarloza, Amets Txurruka, «Mane» eta «Ondarru», Asier Riesgo, Eñaut Zubikarai, Lutxo Iturrino, Kamel Ziani, Eba Ferreira edota Alex Txikon.
Atxikimenduen zerrenda aurkezteaz gain, urtarrilaren 12ko mobilizazio orokorrerako Iparraldetik Bilborako bidea hartuko duten autobusen zerrenda argitaratu zuen Herrirak.
Orotara hamaika autobus izango dira. Goizean aterako dira, 10.00 edo 11.00 aldera, eta gau partean, 21.00 inguru, bueltatuko dira Ipar Euskal Herrira, bat izan ezik, 03.00etan bueltatuko baita. Prezioa 15 eurokoa izango da guztietan.
Zuberoatik autobus bat irtengo da, Mauleko geltokitik, 10.00etan. Nafarroa Beheretik bi abiatuko dira. Bata Donapaleutik irtengo da 10.00etan, eta bestea Garaziko merkatu estalitik ordu erdi beranduago.
Baionatik beste bi irtengo dira. Zita, 11.00etan San Andres plazan. Uztaritzetik ere aukera izango da Bilbora joateko. Kanboko gaztetxetik 10.00etan irtengo den autobusa han geratuko da ordu laurden beranduago.
Iparraldeko bestelako herrietan ere antolakuntza ona izan da. Hazparnetik 11.00etan aterako da autobus bakarra, herriko plazatik. Azkainetik bi pasako dira, Senperetik 11.00etan ateratakoak. Urruñak eta Ziburuk ere autobus bana jarriko dute, 11.00etan irtetekoak. GARA