Lander GARRO Idazlea
Asmoen Lurraldea
Urtea itzaltzean asmo berriak paratzeko tenorea ailegatzen zaigu. Nire seme Luisek aurki dezala lana emaztea etxea lagunak, amai daitezela gerrak norbaitek suntsi ditzala kartzela guztiak, norbaitek ken ditzala azterketa guztiak matematikak fisika latina gramatika, Nagorek ez dezala bere aurrean pasatzen naizenean pasako ez banintz bezala jokatu inor ez banintz bezala maitatua izateko esperantzarik gabe, bizilagunak isilarazi dezala bere zakur zaunkari gorrotagarri hori, Ama Birjinak eman diezadala indar nahikoa goizero seietan esnatzeko igeriketa gimnasia lasterka sauna egiteko lerden iristeko uda alde urruneko hartara, igo dadila nire bihotzeko Touring de Rentería («noble sociedad») tercera división-era berriz, berreskura dezala Juanma Bajo Ulloak «Alas de Mariposa» egin zueneko talentua distira doitasuna grazia, itzul daitezela Itoiz M-ak Jotakie The Smiths The Communards eta beste guztiak, aurki ditzadan maite dudan guztia maitatzen segitzeko (gorroto dudan guztia gorrotatzeari uzteko) arrazoi sendo pisuzkoak, España Policía Guardia Civil Constitución Audiencia Nacional hitzak izan daitezela akordu hutsak, izan gaitezen libre gorri ala zuri komunista edo anarkista demokrata edo teknokrata baina nahi duguna, guk nahi duguna eta nahi dugun gisa eta moldean izateko.
Baina asmoak paratu orduko iristen da biharamuna, kale garbitzaileekin batera, eta orduan asmoen eta errealitatearen arteko aldea mailu baten indarrez agertzen zaigu. Poesia ez da mailu bat, errealitatea bai. Eta konturatzen gara hobe genukeela urtean zehar lan (borroka) egitea, urtearen amaieran asmoez ez, baina egindakoez eta lortutakoez gogoratzeko. Heriotzak ez gaitzan Asmoen Lurraldean harrapatu, ezkuturik gabe.