GARA > Idatzia > Kultura

Bederatzi eslogan

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Badirudi mundua ez dela bukatu, baina bukatu al da, apokaliptiko askok zioten bezala euskal musika? Nagoen ezetz, jotake Urkullu Lepoan Hartu kantatzen ikusi arte. Gaur esnatu naiz eta gauzak lehengo moduan; irratiaren dialari lau buelta eman dizkiot euskaraz kantatutako eta Eguberriekin zerikusirik ez duen zerbaiten bila. Ari, ari, ari Porrotx lehendakari. Beraz, pentsatzen dut, gure industria musikalaren logikari jarraituta, ez dela amaitu euskal musika eta horrek beste urtebetez luzatu duela gure biziraupena. Lete, Lete, Lete hil eta gero antzokiak bete!

Ondorioz, arnasa hartu dut, nahiz eta gero eta bakartiago gauden. Eskerrak gutxienez Benitok eusten dion, gero eta gauza zentzuzkoagoak esaten gainera. Seinale ona, 2013an Anarik Victoria Eugenian joko du, bazen garaia. Ati, ati, ati Euskaldunara Giorgio Bassmati. Kexu garen guztioi, etengabeko krisian bizi den musikagintza ez-normalizatu bateko kide gara, ez al ditugu nahiko malko isuri azken 40 urteotan? Negarti kuadrilla bat gara. Diru laguntzik gabe bakerik ez!

Ez, ez da amaitu euskal musika eta badirudi 2013an ez dela amaituko. Ez dakit, ordea, musikagintzaren industriak zenbat eta nola iraungo duen. Jaialdi erraldoi batzuek eusten diote, baina diru publikoa falta bada... (EHZren salbuespen duinarekin) Luparekin ez bada ez duzu aurkituko euskara! Beste batzuetan, berriz, antzinatik heredatutako txartel bera, behin eta berriro. Gure estiloak ez digu kentzen loa! Diskoak kaleratzen jarraitzen dugu, diskoetxeek, ondorioz, irauten dute. Baina, gaur egun, diskoa al da musikarioi gure musika zabaltzeko aukera egokiena ematen digun euskarria? Oa, oa, oa ikusezina al da gure diskoa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo