GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Euri kontuekin

Nolanahi ere, iazko euri kopurua, 1.597 litrokoa izan dugu mendialde maldatsu honetan.  Asko edo gutxitxo da? 47 urtetan hemengo batez bestekotzat 1.700 litro dauzkagu

Pello ZABALA eguraldian aditua

Euria, hozberoa bezalaxe, ez du denean berdin botatzen. Ongien prestatua dagoena, behar duen euri eta ezkoa jasotzeko, landaredia da: zuhaizpean, euririk ari ez duela ere, nahikoa da laino umela egotea, zuhaitz-hostoetako bakoitzak, lainoaren humiditatea kondentsatuz, tantanka-tantanka, bustia oparo lurre- ratzeko. Edo, `astalahar' edo `astakainabera', `sorgin-orrazi' ere deitu zaiona: bere gerrian, mailaz maila, alde banatara hosto berde arantzatsu luzexkak ditu; gerrian oso poliki eta artetsu goraka bilduak, hantxe ura ta ezkoa putzutxutan gordetzeko. Hosto tentetutik gerriondora, ttanttaz ttantta, euri, xirimiri nahiz ihintz oro biltzen du eta hantxe gorde ur bedeinkatua bailitzan.

Baina, gatozen euri kontuetara. Arantzazun, 725 metrora kokatuta gauden paraje honetan, azken 47 urteetako euri datuen kopuruak damaigun edertasuna gogoan, joan den urteko, iazko euri pasadizoei begiratzea eta konparatzea badaukagu. Zenbatxu euri ekarri ote digu? Azkenerako, portatu dela esan genezake; baina, sustotxorik ere eman izan du.

Neguan, adibidez, urtarril, otsail eta martxo, beste urteetakoen batez bestekotik beheraxeago ibili baitzen: 103 litroren eskasia. Halere, 352 eman zituenez, ez zen nabaria ur faltarena. Gainera, udaberriko apirilak kitatuko zituen zorrak: 270 eman baitzituen. Udaberriaren egarriak asetzeko lain bai.

Hortik aurrera, ordea, maiatza-ekaina-uztaila eta abuztua, laurak lehortxo portatu ziren: ohikoetatik 161 gutxiagotan geldituko ziren. Beroak bazterrak penatu zituenez, pentsa...!

Eskerrak irail, urri eta azaroari: hiruren artean 99 litroren irabazia atera zioten urteroko normalenari. Abenduak galduko zituen 43ak kenduta, halere, lurra gustura eta zopatua ikusten da.

Nolanahi ere, iazko euri kopurua, 1.597 litrokoa izan dugu mendialde maldatsu honetan. Asko, edo gutxitxo da? 47 urtetan, hemengo batez bestekotzat 1.700 litro dauzkagu. Kontuak aise ateratzen dira, ezta?: 103 falta izan zaizkigu aurten, kopuru urtez urtekora iristeko.

Azken 10 urteotan, 7 euritsuagoak izan dira; bi, aldiz, lehorragoak: iazkoa, bata, 1.466 eman zituen eta, aurten baino 131 gutxiago; eta 2006koa, bestea: orduan 1.267 besterik ez baikenuen bildu, 330 gutxiago, oker ez banabil. Azken 10 urteotako euritsuena, aldiz, 2008a izan genuen, 2.205 oparitu zizkigun eta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo