GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek erregulartasuna berreskuratu nahi du

Zuri-gorriek garrantzi handiko neurketa jokatuko dute gaur Agilera estadioan.

p029_f03_97x129.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek bost puntu eskuratzeko aukera paregabea dauka, sailkapeneko azken-aurreko postuan dagoen Agen hartuko baitu gaur 20.50ean Agilera estadioan. Joan den astean Mont de Marsanen irabazi ostean, sailkapenean beste urrats bat egin nahi du, eta lehen postuetara hurbiltzen jarraitu.

Zuri-gorrien erronka nagusia erregulartasuna berreskuratzea da, hori baita aurtengo arazo handia. Lehen lau partidak irabazi ostean, ondorengo bostak galdu zituzten, eta hortik aurrera ere partida on bat txar batekin nahasten dute, eta zaleei zer pentsa handia sortzen die.

Une honetan sailkapeneko zazpigarren postuan daude. 14 partida jokatu dituzte eta erdiak irabazi egin dituzte eta beste erdiak, berriz, galdu. Lau puntu gehigarri lortu dituzte. Agenentzat ere oso norgehiagoka garrantzitsua izango da. Une honetan, 17 punturekin jaitsierako postuan dago, baina salbazioa puntu bakar batera dauka. Horixe da beraien erronka, eta gaur Agileran irabazteak sekulako garrantzia izango luke.

Jokatutako 14 partidetatik hiru besterik ez ditu irabazi, eta gainerako guztiak galdu. Egoera kaskarra da, baina defentsan lan handia egiten duen taldea da. Aurten jadanik bost puntu gehigarri lortu ditu, eta ia denak defentsakoak. Horrek agerian uzten du atzealdean egiten duten lana. Aurrera begira, ordea, asko kostatzen zaie puntuak egitea, eta hortxe du aurtengo gabeziarik handiena.

Jokalariei dagokienez, ez dute ezagutarazi zuri-gorriek gaur zelairatuko duten hamabostekoa, baina joan den astean Mont de Marsanen aritutakoarekin ez da asko aldatuko.

Bestetik, François Carrillo, Avirongo jokalaria, etxean da. Iragan abenduaren 22an bihotzeko arazoak izan zituen Stade Montoisen aurkako partida hasi aitzin, eta hobera egin du nabarmen, Avironek jakinarazi duenez. Talde zuri-urdineko agintariek esan dutenez, oraindik, ordea, ez dakite zerk eragin zion bihotzeko arazo hori, eta horren ostean jakingo da Carrillok kirola egiten jarraitu ahal izango duen ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo