GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguna girotzeko egitarau oparoa izango da Bilboko manifestazioa hasi aurretik

Areatzan gune berezi bat jarriko dute, eta 11.00etatik aurrera musika, tailerrak eta puzgarriak izango dira. Alde Zaharrean, berriz, 12.30etik aurrera, bertsolariek eta batukadak girotuko dituzte kaleak.

GARA | DONOSTIA

Datorren urtarrilaren 12a gerturatzen ari den neurrian Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den manifestazioaren gaineko xehetasunak argitzen doa Herrira. Isilean eta «Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal herrira» lelopean egingo den martxa arratsaldean abiatuko den arren -17.30ean La Casillatik-, 11.00etatik aurrera ekintza ugari izango da Areatzan atonduko duten gunean. Musika emanaldiak, herri kirolen erakustaldiak, rokodromoa, haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta komiki erakusketa egongo dira, besteak beste. Gainera, 12.30etik aurrera trikitilariak, joaldunak eta bertsolariak ere arituko dira, eta batukada doinuek hartuko dituzte Alde Zaharreko kaleak.

Horretaz mintzatu ziren atzo Donostian Ines Osinaga abeslaria eta Oskar Bañuelos kazetaria. Iragarri zutenez, antolakuntza zereginetan 300 lagun baino gehiago arituko dira lanean. Bestetik, garraio zerbitzu bereziak jar ditzaten eskatu die Herrirak Euskotren eta Bizkaibus-i.

Eguneko egitaraua alde batera utzita, Bañuelosen esanetan, euskal presoen aldeko hitzorduak «adieraziko du, zalantzarik gabe, euskal gizarte gehiengoaren nahia» zein den.

Halaber, nabarmendu zuenez, «presoen eskubideak errespetatuak izatearen aldeko iritziek soberan gainditzen dituzte oztopo ideologiko eta politikoak», eta, horren erakusgarri, manifestazioari babesa agertu dioten pertsonak eta kolektiboak oso anitzak direla gaineratu zuen kazetariak.

EAJ-k ez du martxa babestuko

Atxikimenduei dagokienez, hain justu, Koldo Mediavilla EBBko Arlo Instituzionaleko arduradunak atzo Radio Euskadin eskaini zuen elkarrizketan baieztatu zuen EAJ, alderdi gisa, ez dela Bilboko manifestazioan izango. Adierazi zuen kartzela politikaren aldaketa kaleko presioaren bitartez lor daitekeela uste duela, baina bere alderdiak bide propioak dituela zehaztu zuen.

Gogorarazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Estatu espainoleko presidente Mariano Rajoyri uztailean helarazi ziola bide horretan eman beharreko pausoen inguruko dokumentua. Hala ere, esan zuen Gasteizko Legebiltzarrak izan behar duela «oinarrizko egoitza» kartzela politika berria diseinatzeko.

EH Bilduk, berriz, Bilbora ez joatea jarrera «arduragabea» dela adierazi zuen, era horretan PPren espetxe politika babesten dutela erantsita. EAJri gogorarazi zion 1999an presoen aldeko manifestazioa deitu zuela eta galdegin zion zergatik ez duen babesten, «2013an, helburu bera» duen hitzordua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo