GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herria Zuzenean elkarteak biltzar nagusia eginen du larunbatean Hazparnen

Bilkuran erabaki ugari hartu beharko dituzte. Horien artean jaialdiaren hurrengo edizioa non ospatuko duten, lan plangintza eta festibala aurrera ateratzeko aurrekontua zehaztuko dituzte.

KAZETA.INFO | BAIONA

Euskal Herria Zuzenean elkarteak Biltzar Nagusia eginen du urtarrilaren 5ean, larunbatarekin, goizeko hamarretan Ttattolan (Hazparne). Erabaki franko hartu beharko dituzte. Abantzu ziurtzat eman daiteke Heletatik alde eginen duela festibalak 2013an. Beraz, kokapen berria zehaztu beharra da, herri batzuk aipatzen direlako dagoeneko hurrengo edizioa hartzeko. Larunbatean berri zehatzagoak izanen ditugu EHZren formula eta kokapenaren gainean.

2012 bukatu bezain laster, 2013. urteko egitasmoen aipatzeko ordua etorri zaio EHZri. Heldu den larunbatean biltzar nagusia eginen du festibala antolatzen duen elkarteak, Hazparnen. Bilkura Hazparneko Ttattolan izanen da, goizeko hamarretarik goiti.

Biltzar honen aipagaiak anitzak izanen dira. Irailetik hona eginak izan diren urratsen bilduma eginen dute lehenik eta behin. Festibalaren formula berria eta toki berria aurkeztu eta bozkatzeko unea helduko da ondotik. Festibala ez dela gehiago eginen Heletan ziurra da. Izan ere, beste hainbat herri aipatuak dira EHZ hartzeko. Lekorne, Uztaritze eta Hazparne aipatzen dira festibalaren hurrengo edizioa hartzeko.

Biltzar nagusian bilan ekonomikoaren aurkezpena eta bozkatzea eginen dute. Gai hori zinez delikatua da. Iazko edizioak azken urteotako sarreren salmentaren txikitzea baieztatu zuen. Horrek, bistan da, arazo ekonomikoak sortzen ditu. 2013ko festibala ziurtaturik bada ere, beheranzko joera aldatzeko bidean EHZk bere formula berraztertu beharko du. Ipar Euskal Herriko paisaia kulturalean bere tokia egin du festibalak, eta hitzordu berezi horrek irautea da xede nagusia.

Hazparneko bilkuran, azkenik, administrazio kontseilu berria hautatuko da. Ekipo horri egokituko zaio aurtengo edizioaren prestaketa lana sostengatzea. Erronkaz beterik dator 2013. urtea, beraz, Euskal Herria Zuzenean festibalarentzat.

LEKU ALDAKETA

1996tik 2003ra Arrosan ospatu zen jaialdia. Ondoren, bost urtez Idauze-Mendin eta, 2009az geroztik iaz arte, Heletan. Larunbatean jakingo dugu non ospatuko den aurrerantzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo