GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Kontraesanak eta txakur kakak

Gizakia, izatez, kontraesan hutsa dela idatzi nuen oraintsu lau aste. Pausoa aurrera egin gaur eta atzera bihar, eskuinera etzi eta ezkerrera etzidamu, kontraesanen batean zangotrabatuko da lehenago edo beranduago.

Txakur kakarekin badu antzik: ahaleginduko zara zorura begiratzen, soropiletan badaezpada ez sartzen, atentzio osoz ibiltzen, zeure bideari zuzen-zuzen jarraitzen, baina azkenean auzoko lau hankako iletsu horrek txokoren batean utzitako mokordoa zapalduko duzu seguru: gaur bertan izan daiteke, bihar, etzi, hurrengo astean, datorren hilean, lau hilabete barru...

Kontraesanak badu abantaila txakur kakarekin alderatuta: ez du oinetakorik zikintzen, ezta arrasto kirasdunik uzten ere. Zorte apur batekin, alboan duzunak ez du sumatu ere egingo gaur gorroto duzula diozun orrazkera hori atzo zerorrek zeneramala; gaur erakargarri zaizun neska/mutila atzo ezin zatarragoa zela esan eta esan aritu zinela; gaur eskua estutu diozula atzo belarrondokoa eman zenionari; gaur ihes egin diozula atzo sutsu defenditu zenuen burutazioari; gaur kalea arrapaladan gurutzatu duzula atzo arte beti zapaldu duzun espaloi horretan ikus ez zaitzaten; gaur zaborraren pare utzi duzula atzo jaten eman zizun eta ilargiraino eta gehiago maiteko zenuela belarrira goxo xuxurlatu zenion hori.

Garbia da kontraesana, gardena, usainik gabea... baina arrastoa beti uzten du. Eta txakur kaka oinetako pare berri, moderno eta garestitik kentzeak baino buruko min handiagoa eragin dezake, harekin elkarbizitza sanorik eduki ezean. Txakur kakarekin duzunaren parekoa: berandu baino lehen baten bat zapalduko duzula jakitun izan eta, gertatutakoan, muturra okertu eta ahalik eta garbiturik lustrosoena eman. Eta kitto. Hurrengo pausoa emateko prest.

Kontraesanetik libre direla uste duten eta, beraz, garbitzeko beharrik ez daukatela sinistuta dauden horiek baitaude kakaztuen. Leporaino. Simaurra hara eta hona aireratzen zaletuegi daudelako zorukoa zapaltzen ari direla eta zerukoa buru gainera datorkiela konturatzeko. Eta kiratsa darie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo