GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolari

Azkenak edo lehenak?

Ez nuke bizpahiru urte barru berriz hau idatzi nahi. Baina beldur naiz. Ezkutura doazen azkenak hauek balira, gaitz erdi. Lehenak izatea, hobe ez baledi. Zorte on, neska-mutilak!

Herri hontan, ez dakigu zergatik egiten dugun negar; bat gehiago edo bat gutxiago esan behar ote dugun ez dakigun bezalaxe». Ez da zehatza Gari Berasaluzeren poema honen berridazketa, baina Google-k ez dit originala lortzeko aukerarik eman. Ez dabil urruti hala ere. Nire diruz erosi nuen lehen liburuan irakurri nuen, azaro urrunetako intifadetan, orain dela kanuto pila bat. Jakina, ez naiz bere bila erotu, badakidalako galdu nuela bizitza eroago -eta erosoago- batean. Eta erokeria dirudi, bai, gerra betean bake hutsalean baino erosoago bizi izanaren sentsazioa izateak. Horrela delako gehienbat, motzean lotzeko modukoa. Gure sindrome del norte eusko-labelduna, suposatzen dut. Ez da, dena den, herri hau, gerra hau, Estokolmoko sindrome (zein iparralderago?), eromen eta oroitzapen huts. Badu orainetik ere, bihartik edo atzotik bezainbeste, zoritxarrez.

Lesakan dagoenarentzat, mundua Beriyun hasten da (zaindu Gabri!), N-121 errepiderako sarreran. Euskal Herria, ordea, kontrako norabidean, Aritxulegin behera, Oiartzunen. Handik Oreretarako bidea, nahi gabe ere, berehala ikasten dugu, geurez. Eta Oreretan ikasitakoarekin nahikoa izan zitzaion baten bati Beriyutik aitzinera Sararat ipurdia arin-arinean karraiatzeko. Baina hura ere ez aski, euskalduna munduan libre bizi baitaiteke baina ez Euskalerriyin. Belaunaldi desberdinak ezagutu ditut Euskal Herritik Euskal Herrira ihesean, kontrabandistek erabilitako bideetan baina alderantzizko norabidean, hesiz hesi, Oiartzun-Lesaka-Sara, atakaz ataka, ihesi. Munduari su eman eta Frantziara alde egin nahi zuenaren ametsa alderik gaiztoenetik ikusita bezala.

Esan zidaten, esan ziguten, yasta, bukatu da. Basta Ya-koei buelta eman izan bagenie bezala: Yasta. Hala esan ziguten, ez??? Hori ere bailiteke, inork esan ez arren, desiraren desiraz, gehienok entzun izana. Den eran dela ere, de yasta nada.

Odola hotz eta gorri jarri dit Xabier Lujanbio bideoan esaten dituenak esanez ikusteak. Ezkutura doaz Arkaitz, Maitane eta hirurak, kartzela bestela. Negarrari eusten segundo luzeak joan zaizkit, Gurru eta Goiene euren herritarrak sasira jotzeko erabakia iragartzen ikusi nituenean bezainbat edo gehiago. Ez da ez dela xamurra. Latza da. Gure gerra ikusezinak zenbat min egin duen ikustea latza da. Eta oraindik egiten jarraitzen duela ikusteak tunel bukaeran egon zitekeen edozein argi izpi kolpez ezabatzeko moduko gogortasunez jasotzen den kolpea. Gizartearen zati handi-handienak arrunta bailitzan onartzeak are gehiago lazten duena, gainera.

Gazte hauek Segiko militante izateagatik sei urteko kartzela zigorrarekin zigortu izanak erakusten digu bidea. Botereak zigortzen duena beti da bide zuzena. Onartzen duena okerra dela erakusten duena. Borroka da bidea, baldintza, tokian tokiko eta unean uneko izatea. Bertsoak bezala.

Batzuek alde egin eta besteak ekarrarazi ezin. Urriaren 12an Bilbon bilduko den mareak tantatan banatu eta olatu berriak osatzeak dexente lagunduko luke. Ez nuke bizpahiru urte barru berriz hau idatzi nahi. Baina beldur naiz. Ezkutura doazen azkenak hauek balira, gaitz erdi. Lehenak izatea, hobe ez baledi. Zorte on, neska-mutilak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo