GARA > Idatzia > Euskal Herria

Modernizazioaren bidea hartu du psikiatriak Ipar Euskal Herrian

Buruko gaitzei aterabide egoki bat emateko Baionako erietxe nagusiaren eta ekintza sozialetan ari diren elkarteen artean elkarlanerako sare bat osatu berri da. Ipar Euskal Herrian, azken hiru urteotan eraman den modernizazio lanaren emaitza da.

p019_f01.jpg

Ainize BUTRON

Bernard Lerrenboure Lurralde Kontratuaren arduradunak hau ekarri zuen gogora Osasun Mentalaren Sarearen aurkezpenean: «Lurralde honetan, psikiatria, urte gehiegi egon da bere baitan itxia. Osasun mentalaren sailean gibelamendu ikaragarria hartu du. Sare hau sektore horretan ematen ari den modernizazioaren barnean da».

Duela bi urte, psikiatria berrantolatzeko xedearekin, Pierre Girardetek poloaren buruzagitza hartu zuen. Bere esanetan, psikiatriaren bilakaeran hainbat etapa izan dira XX. mendean, baina, lekuko psikiatria zerbitzuak ez du eraberritze bide hori hartu.

Lehen etaparen bidez, hirietatik kanpo kokatuak ziren asiloak sortu ziren «eroak» erietxe berezituetan itxirik mantendu nahian. «60ko hamarkadan sendagaien agerpenarekin psikosiak zituzten gaixoen bizia aldatu zen, eta, sektoreka banatua izan zen psikiatria. Sektore politika horren helburua gaixoa etxetik hurbilen mantentzea zen, erietxean epe luzean atxikitzeko joera murrizteko, eta, horren bidez, berriz gaixotzea mugatzeko», argitu du.

Hirugarren etapa 1990ko martxoaren 14ko legearen bidez egin zen. Garai horretako psikiatriaren norabide berriek egitura berezituak sortzea eskatzen zuten. «Gaixoak artatzeko molde berriak abian jarri ziren lege horrekin, baina, Ipar Euskal Herrian, ez zen bilakaera hori gauzatu, eta sektore ibilmoldean errotu ziren», gehitu du. Egoera horren zergatia zein den Girardetek ez daki, baina, lekuko psikiatriaren ibilmolderako «kaltegarria» izan zela nabarmendu du. Sektore nagusi bakoitzean azpisektoreak sortu ziren, sendagileen arteko loturarik gabe. «Psikiatria publikoa pribatuaren moldean antolatu zen. Bakoitzak bere bulegoa zeukan, bere zerbitzuak. Modernizazioaren trenak huts egin zuen», zehaztu du.

Gaitzaren araberako eskaintza

Bokaletik Hendaiaraino eta Baionatik Garaziraino, hiru sektoretan banatua da psikiatria Ipar Euskal Herrian. Hiru horiek mantenduz, sektoreen arteko loturak egiten dituzten zerbitzu berriak sortzea izan da Pierre Girardeten lehen helburua, eta horretarako, Baionako erietxe nagusian krisiak artatzeko epe laburreko egonaldiak egin ahal izateko zerbitzu berezitu bat sortu du. Gaur egun Baionako Camp de Prats erietxe psikiatrikoan irekiak diren zerbitzu guztietan gaixoak beharturik ospitalizatuak direla-eta, ospitalea berregituratu nahi du poloko arduradunak. «Gaixoak ohean loturik atxikitzen diren guneak ez ditugu gehiago nahi. Oso kasu jakinetan kontentzioa gauzatuko genuke», esan du.

Hamalau norabide estrategiko finkatu zituen postua hartu zuelarik. Guztiak zehaztu ez baditu ere, horien bidez gaixoen gaitzen araberako artatzeak eskaintzea da xedea. «Egitasmo guztiak aurrera eramateko Akitaniako Osasun Agentziak diru-laguntza nabarmena eman digu. Beste eskualde guztietan diru-laguntzek behera egin dute, baina zonalde hau oso gibelatua zenez, eskatu dugun aurrekontua osorik lortu dugu», nabarmendu du Giradetek. Horri esker, hogeita zortzi lanpostu berri sortu eta egoitzak modernizatuko dituzte. Camp de Prats erietxean zerbitzu ezberdinak irekiko dira. Besteak beste, epe luzeko ospitalizaziorako trantsizio zerbitzua. Gainera, elbarrituen osasun mentala langai duen Angeluko Jhon Bost Fundazioarekin elkarlanean arituko dira.

Horiekin batera, besteak beste, hauek dira gauzatu nahi dituzten egitasmoak: psikomotrizitate arloko adituak, ergoterapeutak eta arte terapeutak bilduko lituzkeen zerbitzu transbertsala abian jartzea, familiak laguntzeko eta ospitalizazioa mugatzeko psikologo talde bat sortzea, apartamentu terapeutikoak finkatzea eta espetxetik irteten diren presoen gizarteratzea laguntzeko lanabesak jartzea. Girardetek aitortu du aldaketa zaila dela, pertsonalitate azkarreko psikiatrek osatzen baitute oraindik ere lantaldea. «Orokorrean lantaldeak aldaketarako prest daude», bukatu du.

Menpekotasunei loturiko arazoak lekuko psikiatria zerbitzuak kezkatzen ditu

Pierre Girardeten esanetan, Ipar Euskal Herrian «adiktologiari loturiko asaldurak kezkagarriak» dira. Orotara, 2011n, 5.000 lagun artatu dituzte zerbitzu ezberdinetan. Hurbiltzen zaizkien gaixoen %40k asaldura bipolarrak dituzte; %20k, berriz, eskizofreniak; eta %15ek zainei loturiko arazoak dituzte.

Horietarik %20 menpekotasunari loturiko buru nahasmenduak dira. Menpekotasunen bat dutenen kopurua berez kezkagarria da, baina asaldura psikikoak dituzten gaixoentzat menpekotasuna «egoera larritzen duen faktorea» dela nabarmendu du Pierre Girardetek. Beste inguru batzuekin alderatuta, Ipar Euskal Herrian eskizofrenia duten gaixoen kopurua txikia dela iruditzen zaio Girardeti. «Familia markak garrantzitsuak dira norbera egituratzeko. Hemen familia lotura handiagoa denez, horri lotua izan daiteke», argitu du. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo