GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Aurten, iaz izan aurretik

2012koak egin du; iaz da jada. 2013koa da orain koska, horrenak zer egingo duen, iaz izan aurretik. Akabo dira ditxosozko jaiak. Tira, gameluren bat geratu daiteke oraindik kale nagusiren batetik, errege baten azpian. Lastoa biontzat!. Bai, gabonak joanak dira, kasik. Hasiak dira jaiotzetako trasteak berriro ere udal-sotora biltzen. Artzainak hemendik, ardiak handik; estalpeko guraso antzekoak hor, astoa hemen eta umea monjeen eskura. Ardiak eta astoa sikiera larredietan askatuko balituzte! Artzainekin batera askatu ere!. Kale nagusiko bonbillak ere lurreratzen hasiak dira, motroiloak askatu eta kutxatzarretan sartu. Eta sotora bildu hauek ere. Bilboko kasuan, behintzat, izango dute bonbilla horiek sotoan zer argiztatu urtean zehar, bertoko alkateak halaxe erabakita aurten ez baita hirian inauteri-asteko karrozen martxa izango; krisia aitzakia, aitzakia merkea. Ama, ama! Ejertzitoaren tropak etorbide nagusitik desfilatuko balira... baietz jaiotzetako ardiak eta astoak kalera atera!. Lastoa denontzat!. Bada bai, udal-sotoak beren ohiko itxura doaz hartzen, berriz ere. Aurten, gainera, herri batzuetan behintzat, bazterreko auzoetako dendariak ere bilduko dituzte sotora, hurrengo gabonen zain.

Akabo urte-aldaketaren ospakizunak, planeta zabalean amaitu ere. Urte zaharrak ospa egiten duen ospakizuna. Eta tradizioari jarraituz Lurreko hainbat bazterretan berriz dira gerran hasiak, gabonetako ohiko su-etena eten eta sutara bueltatuta. Garai honetako bakezko mezuen arrisku-saria oso baxu dagoen seinale. Merkatuek ez dute bakea nahi, gabonetan izan ezik, tradizioz; gerra nahiago, horretan kapital gehiago mugitzen baita gabonetako kontsumoan baino. Are gehiago, gerran ari direnek, tradizioz ari ere sarritan, gabonetako etenean erosle bihurtzen direla jakinda. Burtsa ala hil.

Urte berrian gara jada. Joanak dira sansilbestreak. Orain bestelako lasterketak hasten dira, berriz ere. Dortsalik gabekoak. Izerdi-isuri handiagokoak. Lana topatzekoa, edo dagoena mantentzekoa. Tira, harira! Saria ez dadila batzuen arriskutik etorri guk geure aukerak baliatzetik baizik. Datorren zapatuan kaleak bete egingo dira, egunotako bonbilla guztiez baina argitasun handiagoz bete ere. Meteosat lekuko. Kaleak bete, urruneko soto horiek behingoz hustu ditzagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo