GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

DEIA | Rikardo Arregi, 2012/1/2

Amaierak

Ez zen amaitu, ez, mundua pasa den abenduaren 21ean. Bagenekien, ezta? Hemen bukatzen diren bakarrak urteak dira (...). Nire lagun batek idatzi dit ametsetan ibili dela munduaren amaierarekin, apokalipsiarekin alegia. Nik ere amets antzerakoak egin ditut, jende askok bezala. Giroan zegoen gaia. Nire kasuan ez zen amesgaiztoa izan, ez nintzen izerdi patsetan esnatu, ez nintzen larritu, munduaren amaiera burgestxiki erosoa izan zen nire ametsa. Slavoj Zizek filosofoaren arabera, errazago sinesten dugu mundu osoa, lur gaineko bizitza osoa, buka daitekeela, kapitalismoa buka daitekeela baino. Niretzat (barkatu zizekzaleok) bi bukaera horiek ezinezkoak iruditzen zaizkit, eszeptikoa naiz eta burugogorra,

Balizko amaierak alde batera utzi beharko genituzke eta egunero ikusten ari garen amaierekin kezkatzen hasi, nire ustez. Eta nire ustez oraingo amaiera garbiena ongizate estatu deitu dugun horrena da: ez da bat-bateko amaiera ikusgarria (...), apurka-apurka gu guztiok ukituko gaituena; egunen batean esnatzean konturatuko gara ongizate estatua historia liburuetan dagoela bakarrik.

Beste gauza askok, aitzitik, ez du amaitzeko inolako asmorik, nik behintzat ez diot ikusten: politikoen larru sendoak, esate baterako, sendo segitzen du. Nola azaldu, bestela, Eusko Jaurlaritzako goi kargudunen artean gertatu dena aparteko lansariak direla eta, edo parlamentarioen jolasena (Juango Olasagarreren azken zutabea)? Etxe kaleratzeak ere ez dira amaituko 2013an, langabezia ere ez. Segi, segi zerrenda egiten, amaitu zait papera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo