Lekorneko Garroko gazteluak hartuko du EH Zuzenean festibala
Ipar Euskal Herrian egiten den musika jaialdirik handieraren hurrengo edizioaren antolakuntza martxan da, arazo ekonomikoak gorabehera. Horiek gainditzeko eta aurrera egin ahal izateko, zenbait erabaki hartu behar izan zituzten atzo antolatzaile eta laguntzaileek egindako Biltzar Nagusian. Horien artean, 2013ko ekitaldia non ospatuko den.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskal Herria Zuzenean jaialdia Heletatik Lekornera aldatzea erabaki zuten atzo goizean antolatzaileek Hazparnen egindako biltzar nagusian. Horrez gain, 2013an zein formula jarraituko duten erabaki, administrazio kontseilu berria osatu eta bilan ekonomikoa bozkatu behar izan zuten.
Eneko Etxegarai komunikazio arduradunak azaldutakoaren arabera, biltzarrean 70 laguntzaile elkartu ziren eta bozketa egin ostean aho batez erabaki zuten EHZ jaialdiaren kokapen berria. Hala, guztiek ontzat eman zuten festibaleko ospakizunak Lekorneko Garroko gazteluaren inguruan egitea. Aldaketaren arrazoi nagusia ekonomikoa da, aurreko urteetan dirua galdu baitute, eta egoera horri buelta eman nahian hartu dute erabakia.
Administrazio Kontseiluan kide berriak sartu eta beste batzuk atera dira. Langileen arteko aldaketa honek gastuak murriztu ditu, batzuek kontratu lagunduak izango dituztelako, hau da, Estatu frantsesak soldataren ehuneko handi bat ordaintzen die.
Horretaz gain, aurrekontu txikiagoa zehaztu dute. 40.000 euro gutxiagorekin hasiko dira lanean, baina galera hori handiagoa izan ez dadin instituzioekin harremanetan jarri dira horien babesa izaten jarraitzen dutela ziurtatzeko, eta bestelako sostenguak bilatzeko.
Xarma mantenduz
Hiru aukera zituzten: Heleta (orain arteko funtzionamendua aldatuz), Lekorne edo Uztaritze. Azkenik, Lekorneren aldeko hautua egin dute, alde batetik, gazteluaren kokapenak dirua aurreztea ahalbidetzen dielako. «Heletan aparkalekua urruti zegoen eta autobusak jartzen genituen. Hori gastu bat zen; Lekornen, ostera, ez dugu halakorik behar, gazteluaren ondoan dagoelako aparkalekua eta kanpina», azaldu zuen Etxegaraik.
Ekintzak Udalaren instalazioetan egingo dituzte eta horretarako baimena eskatu zioten duela hiru aste. Orain jaialdia non ospatuko den jakinda zein plangintza jarraituko duten pentsatzen hasi dira. Hasteko, formula aurreko urteko bera izango dela iragarri zuen Etxegaraik. «Gazteluko plazan egunean zeharreko ekintzak izango dira, eta gauean baso txiki bat igaro eta bertan egingo dira kontzertuak». Bada aldaketarik horretan ere, agertoki kopuruari ez baitiote eutsiko. Bost izatetik hiru izatera pasatuko dira.
Horietako batek egunean zehar hitzaldiak eta kontzertu «intimoak» hartuko ditu, eta gauean kontzertuak izango dira. Aurreko urteetan ekitaldi horiek guztiak karpa desberdinetan banatzen ziren.
Publikoari ahalik eta arazo gutxien sortzen dizkion soluzioa ematen saiatu dira, eta espero dute jendeak ondo erantzutea. «Heletak bazuen zerbait jendeari asko gustatzen zitzaiona, baina uste dugu Garroko gazteluak ere baduela bere xarma. Lekuz aldatzean toki polita izan behar zuen desilusioa ez sortzeko, eta uste dugu aukeratutakoa zinez polita dela», aipatu zuen itxaropentsu antolatzaileak. Egingo dituzten aldaketa guztiak kontuan izanda aurreikuspen onak dituztela aitortu zuen.
Udara arte badute denbora atzo zehaztutako pausoak garatu eta erabaki gehiago hartzeko. Otsailera arte izenik emango ez badute ere, hasi dira zenbait talderekin harremanetan jartzen. Era berean, diseinatzaileak hasi dira kartelari itxura emateko lanean eta, iragarri zuenez, segur aski gazteluaren irudia izango du oinarri.
Hirugarren leku aldaketa da hau jaialdia sortu zenez geroztik. 1996an hasi zen Arrosan. 2004an Idauze-Mendin ospatu zuten eta 2009tik iaz arte, Heletan.