NARRATIVA
Edonon, edonoiz, edonola
Iban BALERDI
Joan berri den 2012. urteak Arrate Egaña errenteriarraren lan bat baino gehiago utzi dizkigu. Batetik, Donostia Hiria Kutxa Saria merezi izan zuen «Egia» antzezlana. Eta bestetik, hizpide dugun narrazio liburu hau. Haur eta gazte literaturaren alorrean ezagunagoa izan badaiteke ere, badirudi bestelako publikoetara eta generoetara hurbiltzeko sasoi aproposean dagoela.
«Paradisua» izeneko liburu honetan, autoreak bost istorio batu ditu. Guztiak ere beraien artean independenteak dira kontatzen denari dagokionez, baina bada lan osoa harilkatzen duen toki, pertsona edota egoera idilikoen inguruko hausnarketa bat. Gainera, gizakiok izenburuko paradisua oso era desberdinetan irudika dezakegun arren, honako gertaera batzuk izan badira adibide egokiak.
Dena dela, idazlea ez da paradisuaren gaineko ideiara mugatzen, eta ipuinak idazteko momentuan, familiako eta lagunen arteko harremanetan ipintzen du arreta. Eta, arlo honetan, ongi moldatzen dela pentsatzen dut. Hau da, pertsonoi gertatzen zaizkigun esperientzia, bizipen, pentsamendu eta kontraesanak modu naturalean ateratzen ditu, itxura beharturik eman gabe. Giza psikologiaren zenbait atal ongi jorratzen badakiela, alegia.
Bildumako lehen ipuina da gutxien gustatu zaidana. Zerk lasaitzen zaitu? Zerk arazoak ahantzarazi? Irakurlea kontakizunean barneratzeko ahaleginak ez du lortu bere helburua, eta neu behintzat, hotz samar utzi nau. «Grindavik» izeneko bigarrenarekin gehiago disfrutatu dut. Lehengusuen arteko harremanaren garapena eta zakurraren askapenaren metafora interesgarriak dira, ukitu psikologiko eta guzti. Liburuari izenburua ematen dion hirugarren alea da denetan luzeena. Ongi aurkeztutako hasiera du; inguru triste, estu eta atzera begiratu zalea azaltzen digu. Baina protagonistak bere paradisua topatuko du, «mundu irreala, bake eta bakardadea». Normaltasun edo egunerokotasunaren eta paradisuak eskaintzen digunaren arteko aldea da ipuinaren erdigunea, bien artean dantzan aritzeko ametsa. «Mont Saint Michel» izeneko laugarren istorioa «erro-une»-en kontzeptuari lotzen zaio. Nolabaiteko lilura sortzen du hitz honek, logikatik kanpo, ohikotik bazter geratzen den zerbait den heinean. Baina, era berean, aztoratzaileak ere izan daitezke, askotan «beraz, nahiago ezerezean flotatu, ikaraldirik pairatu gabe».
Bosgarren eta azken ipuinean, «Abenduak 21» izenekoan, paradisuaren antitesia erakusten zaigu. Kontatzeko modua ere ez da aurrekoen berdina, oraingoan lau pertsonaren ikuspuntuak izango ditugu-eta informazio emaile, guztiak ere lehen pertsonan. Agertzen den egoera bera bortitza eta gogorra da, eta horrez gain, erdi ezkutuan gelditzen diren gertaerek ere interesgarri bihurtzen dute. Azken hau, beharbada, izan zitekeen luzeagoa ere, zenbait hariri pixka bat gehiago tira egin balio.