GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gernikako herri kultura

Gernika, bada kultura egiteko beste eredu bat

Hainbat ekitaldiz osaturiko hamabost eguneko programazioak abian ipini du Astra fabrikaren ibilera berria. Kultura arloan, behintzat, Gernikak azken hamar urteotan izan duen aldaketaren isla. Biztanleek beraiek lortu dute herri kulturaren hiria izatea.

p008_f01_251x113.jpg

Alvaro HILARIO

Batera sortu ziren, duela hamar bat urte, Gernikako egungo bizitza kulturala errotik aldatzen lagundu duten hainbat talde; hala nola, Gernikako Gazte Asanblada, Iparragirre Rock Elkartea eta Trinkete Antitxokoa. «Talde hauek bizitasun handia eman diote herriko jarduera sozial eta kulturalari. Belaunaldi oso bat egon da hor; momentu batean, kultur egitura ofizialetan bere lekua aurkitzen ez zuena eta gauzak bere kabuz egitea erabaki zuena. Hori da, azken batean, Trinkete Antitxokoak, Gazte Asanbladak, Astelehentxutxuk -gazte kuadrillen arteko ekimena-, Lobak, Astrak eta Iparragirre Rock Elkarteak egin dutena. Belaunaldi oso bat, interesgarria, askotarikoa eta jende askoren parte hartzea izan duena», esan du Astra koordinakundeko partaide Oier Plazak.

Abenduan gorpuzten hasi zen Astra kulturgune berriaren proiektua Gernikak jaso duen bilakaeraren isla dugu, urteetan zehar landutakoaren emaitza.

Astra, kulturarako fabrika soziala

«Pozik gaude zazpi urtetako ibilbidean hasieran egindako proposamenak betetzen joan direlako», adierazi du Oier Plazak. «Astra herritarren konkista txiki bat dela esan dezakegu. Nekez sinetsiko genuke orain dela zazpi urte, Astra okupatu zenean, honaino iritsiko ginenik. Pozik gaude lanean hasitako gazteak eta bidean batutako kultur eta gizarte eragileok elkarlanean jarraitzen dugulako Astra Proiektua aurrera eramaten. Orain Astra ondo kudeatzea da gure erronka, zazpi urtetako ibilbidean -parte-hartze prozesuan- batera lan egiten ikasi dugu, gure akatsak eta bertuteak ikusteko aukera izan dugu. Beraz, abiapuntuan ondo kokatuta gaudela esan dezakegu, badagoelako eskarmenturik».

Udal eraikina bada ere, Astra ez dago erakundeen menpe: Astrako koordinakundean batzen diren taldeek eta pertsonek hartzen dituzte kultugune berri honen inguruko erabakiak. Iazko ekainean, Astraren lagapenerako aurre-hitzarmena sinatu zuten Koordinadorak eta Udalak: «Hitzarmen osoagoa lantzen ari gara orain Astra Batzordean (Udaleko alderdi politikoak eta Astra Koordinadora kideak batzen ditu)», esplikatu du Plazak.

Oierrek berak azaltzen dizkigu herritarrek aukeratutako funtzionamendu era honen nondik norakoak: «Jendearen parte-hartzerik gabe Astrak ez du funtzionatuko edo behintzat ez da Astra Proiektua izango. Guk demostratu behar dugu tankera honetako proiektu publikoetan jendea erabakitzeko eta kudeatzeko gai dela. Badagoela kultura egiteko bestelako eredu bat, badagoela baliabide publikoak kudeatzeko eta jendartea antolatzeko beste eredu bat. Astra, beraz, ez da kultur azpegitura huts bat, Astra, proiektu politikoa ere bada».

Iparragirre Rock eta trinketea

Gernikan kultura arloko talde gehiago ere badiren arren, musikariak nahiz musikazaleak biltzen eta hamar urte bete berriak dituzten Trinkete Antitxokoa eta Iparragirre Rock Elkartea ekarri nahi izan ditugu lerro hauetara.

«Garai hartan, duela hamar urte, jotzeko zein entseatzeko baldintzak betetzen zituen lokal bat topatzeko elkartu ginen. Genuen tokitik alde egin behar izan genuen zarata asko ateratzen genuelako eta bertan bizi zirenak kexu zirelako. Hortik dator elkarteak hasiera batean eduki zuen izena: `Zaratarik ez'», kontatu du taldearen bultzatzaile Unai Kareagak. Horrela, astiro-astiro, erakundeekin berba egin eta sosak lortzeko ekimenak antolatzeko gai izango zen talde bat sortu zuten. Nahiz eta Gernikako Udalak lokalik edota laguntzarik ez eman, musikazale gazteok entseatzeko lekua lortu zuten. Hura txikia geratu zitzaielarik, beste lokal berri bat zabalduko dute laster.

Musika eta kontzertuak maite zituen lagun talde batek alokatu zuen toki bat eraikin industrial batean, geltokitik eta Astratik oso gertu. Horrela jaio zen Trinkete Antitxokoa. Audience, The Riff Truckers, Ruper Ordorika, Capsula, Gose, Lisabo eta Porco Bravo dira bertatik pasatu diren talde gutxi batzuk.

Musikak ez ezik, bertsolaritzak eta antzerkiak ere beren zulotxoa aurkitu dute Trinkete Antitxokoan. Maia, Lujanbio, Elortza edota Iturriaga ditugu Antitxokoa plaza izan duten ospe handiko bertsolariak, esaterako.

Bestalde, Gernikan ikus-entzunezkoekiko dagoen grina lantzeko eta zabaltzeko balio du Trinketeak. Izan ere, eskola moduan erabiltzen dute: argazkigintza laborategia, adibidez, hasiera batetik egon da martxan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo