GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maribi Ugarteburu | Ezker abertzaleko kidea eta EH Bilduko legebiltzarkidea

Urkulluren berba on bezain hutsak

 

Badakit ez dela Urtezahar eguneko diskurtsoa mintzaldi politiko sakonak egiteko unerik egokiena. Badakit horrelakoek domeketako mezatako sermoiaren antz handiagoa dutena. Eta hori dakidalako, besteak beste, ez nuen ikusi EAEko lehendakariak eskainitakoa. Ondoren irakurrita, ostera, honako hiru ezaugarriak nabarmenduko nituzke berak esandakoetan: krisiaren aurrean erresignazio fatalista, itxaropenari errezoa, eta etorkizunerako eskaintza zehatzik eza. Krisi honek, antza, ez dauka errudunik eta «denok» estutu behar dugu era berean gerrikoa. Etsi, eta zerura begira errezatu «gauden bezala gera gaitezen, Ama Birjina!».

Ez da inola ere serioa, ezta bidezkoa ere, hauteskundeak irabazi eta bi hilabete geroago, EAEko lehendakaria denak bere Gobernuaren norabide politiko eta sozioekonomikoaren gaineko zantzurik ere eman gabe jarraitzea. Domeketako sermoietako berba onak ezin dira izan EAEko lidergo instituzionalaren ardura hartu duen pertsonaren-alderdiaren gidari. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jendartea, Urkullu jauna, ez da batzoki bat; ez da Sabin Etxea. Eta jada ez zara alderdi baten gidaritzaren arduradun nagusi, jendarte oso batena baizik. Ohitzen hasi beharko duzu, zehazten ere hasi beharko duzun bezala; «ilusioa, elkarlana, akordioa, itxaropena...» horiek denak edukirik gabe ez baitira ezer.

Urtezaharreko diskurtsoko azken zatian honakoa zioen Urkullu lehendakariak: «Gure gobernuak badu bide bat marraztua aurrera ateratzeko: Norabidean argitasuna, zubiak eraikitzea eta elkarrekin aurrera egitea». Bada, hauteskundeak igaro zirenetik hona, horrelako ezertarako jarrerarik ez du erakutsi. Kontrakoa egin du: ez du argitu norabiderik, eta beste eragile politikoekiko zubiak eraikitzeko «eskaintza» bakarra instituzio guztien aurrekontuei edukirik ezagutu ere egin gabe aldez aurretik baietza eman nahia izan da. Kromo-truke hutsa (oso gaizki atera zaio jokaldia EAJri oraingoan, dena esan behar bada). «Elkarrekin aurrera egiteko» intentziorik ez du erakutsi inola ere EAJk. Ez bederen EH Bildurekin. Ez Gasteizko Legebiltzarra osatu aurreko bileretan, ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herrialde bakoitzeko aurrekontuen prestaketa prozesuetan ere. Benetan akordioak ehundu nahi izan balitu, jarrera prepotenteak alde batera laga eta edukien gaineko lana eta esfortzua egingo zukeen EAJk marko horietan guztietan. Eta ez du egin.

Pasa den abenduaren 12an Gasteizko Ganberan inbestidurako diskurtsoan ere zehaztasunik ez zen egon. Kezka eta galdera iturri diren hainbat aipu egin zituen, ordea, Urkullu jaunak. Esate baterako, hiru aldiz errepikatu zuen «orain arteko eredu instituzionala eta autogobernuaren tresnak eraginkorrak» izan direla eta «oinarri sendoa» direla. Benetan? Zelako sendotasuna erakusten du bere langile publikoen ordainsarien gainean ere erabakiri hartu ezinik dabilen ereduak? Bere zerga politika, lan harremanak, gastuaren eta zorpetzearen mugak eta norabideak kanpotik inposatuak dituen «autogobernu» honen defentsa egiten jarraitzea izango al da zure gobernuaren norabidea, lehendakari jauna?

«Hezkuntza banaketarako elementu izatea ez dugu onartuko» esan zenuen, hitzez hitz, inbestidura egunean. Aipamenik ez Wert jaunaren sinadura daroan hezkuntza erreformarako dekretu neofrankistari buruz. Zer egingo du Gasteizko gobernuak dekretu horrek ezarriko dituen inposizioak gainditzeko? Isiltasuna da, momentuz, erantzun bakarra... «Hizkuntza politika proaktiboa» ere agindu zenuen lehendakari izendatzerakoan. Adjektibo ederra da. Baina zer esan nahi du: orain arteko hizkuntza politikarekin jarraitzea? Zeren, horrela balitz, aurrerapenik ez, eta beraz euskararen normalizazioaren atzeraldian sakontzea lekarke.

Eta galdera oso potoloak pilatzen doaz. «Bakegintzan ezberdinen arteko akordioa behar» dugula zenioen inbestidura saioan. Erabat ados. Baina segituan gehitu zenuen (baita hiru aldiz errepikatu ere), Gasteizko Legebiltzarra dela akordio hori erdiesteko foroa. Singularrean. Hertsian. Bakegintzaz soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan landu behar al da akordio politikoa ala? Instituzioetatik at dauden gizarte eragile antolatu guztiek ez al dute ezer esan eta egitekorik elkarbizitzarako akordio politiko horren eraikuntzan? Eta herritarren papera zein da? Lau urtez behin bozkatzea soilik?

Azkenaldian behin eta berriro entzuten dizugu, Urkullu jauna, «pertsonak» jarriko dituzula zure politikaren erdigunean. Asko poztu gara, zinez, EH Bilduren eslogan edo ideia-indar nagusia izan den (eta den) hori zeure egiten ikustean. Ez zen horrela duela gutxi. Enpresak ziren, argi eta garbi, EAJk korrika eta presaka EH Bilduren Alternatiba Sozioekonomikoari erantzuteko prestatu zuen egitasmoaren ardatza (pasa den maiatzean). Eta hauteskunde kanpainaren bezperatan bota zenuen esaldi ahaztezin hura: «Demagogia da gehiago daukanak gehiago ordaindu behar duela esatea». Orain pertsonak omen dituzu ardatzean; hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa jarriko ei dituzu politikaren erdigunean. Hala bedi. Zalantza txikienik ere ez izan estu eta zorrotz egingo dugula horren bijilantzia. Oinarrizko eskubide sozialen urraketekin jarraitzea ez dizugu ametituko. EAJk Kutxabanken zuzendaritzan darabilen bidea, pribatizazioa, etxegabetzeak, demokrazia eta gardentasun falta erabakietan..., estilo hori baldin bada EAEko gobernantzan ezarri nahi duzuena, parez pare aurkituko gaituzue.

Erabakiak hartzeko garaia ailegatu da, Urkullu jauna. Erabaki zehatzak eta argiak. Zirt ala zart. Burujabetzaranzko pausoak ematea, herri bezala erabaki ahal izatea, oinarrizko eskubide ez ezik egiturazko krisi sozioekonomiko honi buelta eman ahal izateko aukera bideragarri bakarra dela uste dugu askok. Gero eta gehiagok. Espainiako Estatuaren buztarrian gero eta estuago lotuta nahi gaituzte, eta gainera amildegira garamatzate. Amiltzen ari gara jada...

Ausardia politikoaren ordua iritsi da. Ez du balioko jada saski bakoitzean arrautza bana erruten jarraitzeak, Urkullu jauna. Gaur saski soberanistan, bihar paktistan... Paktismoaren urrezko arrautzen aroa bukatu zaizue. Larre motzean bide berriak urratzen hasteko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo