Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Bilbon batuko
Independentistak sareak izugarrizko lana egin du azken urtean. Bidea erakutsi digu hain konplikatua bihurtu den garai honetan. Herri honen askatasuna nahi dugu, hori antolatzen joan behar dugu, eta lerro nagusiak definitzen hasteko garaia ireki digu sareak. Haatik, une zaila da, independentziaren aurkako indarrak aurpegia erakusten ari baitira. Urte luzeetan aitzakia askoren gibelean gordeta dira, independentziaren aurka borrokatzen zirelarik, bortizkeria baliatzen zuten abertzale mugimendua kriminalizatzeko. Erronka handia da, ekaitz askoren erdian, independentziarako aldarrikapenak presondegietan oihartzuna du, independentziarantz presoak bultzada ematen ari dira. Kanpoan behar ditugu.
Urtarrilaren hastapen honetan begi eta gogo guztiak 12ko manifestaldira begira kokatuak ditugu. Sekulako eragileek deia luzatu dute bertan parte hartzeko, presoen askatzeko. Inor epaitu gabe eta ulergaitza da abertzaletasunaren eremu batzuk ez direla prest bertan agertzeko. Beste biderik ba omen da hor eragiteko. Ederki! Bide guztiak erabil ditzagun presondegiak apurtzeko. Ausardia ukan dezagun denek aitortzeko borroka luze honetan euskaldun askok presondegia ezagutu duela herri honi geroa emateko proiektuan, gaizki edo ongi, historiak epaituko gaitu. Une honetan behintzat herri gisa erantzutea oinarrizkoa da. Hau ikusi nahi ez duenak alderdiaren interesari lehentasuna ematen dio. Berez, noski, errespetagarria da, behintzat ausardiaren itxurarik ez dauka. Hori ere historiak epaituko du. Uzkurtasun horri kultur eskaintza paregabeak erantzuten dio.
Preso daudenek ez dute ikusten sarean eta saretik kanpo plazaratu diren sorkuntza zabal eta ederrak, ikusgarriak, eskuzabaltasun handiaren froga, elkartasun xume eta indartsua. Bihotz guztien goxatzeko. Elkartasun tsunamia bultzatzeko.
Hamaika autobus pentsatuak izan dira Ipar Euskal Herritik Bilbora joateko, beste asko autoz joanen dira Baionako manifestaldiari oihartzun egiteko, ausar- diaz eragiteko. Presoen alde herri egiten dugu.
Hain zuzen, ausardiaren garaiak dira hauek. Egoera ekonomiko larria delarik kemen aparta beharrezkoa baita zailtasunetatik ateratzeko. Duela hogeita hamar urte asko gogoratuko dira zein egoera latza zegoen Euskal Herriko Hegoaldean, langabezia kopuru altuak, lantegiak husten eta familia askotan kezkak. Egoera horretatik atera zen. Herritarrek, gizarteak bere baitan aterabideak aurkitzea lortu zuten.
Horretarako konfiantza handia behar da geroan, gure baitan sinetsi behar dugu. Horretara goaz, azterketa politiko guztien gainetik eta gure sustrai sanoei atxikiak egonik. Mistikan sartzen diren azalpenak dira, haatik gure baitan sinesteak asko lagundu gaitu gauden honetara heltzeko.
Hauteskunde usaina hedatzen ari da Iparraldean, laster kanpainan sartzen hasiko gara. Frantses alderdietako jarrera ezkutuak agertzen hasiko dira. Ez dugu denborarik pausatzeko. Dagoeneko erradikaltzat hartzen gaituzte herri hau euskaldundu nahi dugulako, bizi publikoa euskaraz egin nahi dugulako. Orain arte bortizkeria zen aitzakia, orain euskara izanen al da?