GARA > Idatzia > Euskal Herria

Konponbidea indartzeko ere Bilbora joateko deia

Euskal preso politikoen eskubideen alde heldu den larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du ezker abertzaleak, bide batez aldarrikatzeko beharrezkoa dela amaiera ematea Madrilek eta Parisek konponbidea oztopatzeko temaz eusten dioten politikari.

p011_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

«Ezker Abertzaleak bere kide diren pertsonei ez ezik, bakearen eta konponbidearen alde dauden herritar guztiei luzatu nahi die gonbita eta deirik zintzoena, bat egin dezaten `Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira' lelopean egingo den herri mobilizazioa orokorrarekin», nabarmentzen du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eledunak.

Heldu den larunbatean Bilbon presoen eskubideen aldeko mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuen atzo ezker abertzaleak, bide batez gatazkaren konponbidea indartzeko.

«Espainiako Gobernuak, eta haren gibeletik Frantziakoak ere, euskal preso politikoen kontrako espetxe politika irregularra, inhumanoa eta bortxazkoa darabilte; egunero 600dik gora preso eta senideri zuzenean erasotzen dien salbuespen politika ankerra. Euskal Herrian abian den konponbiderako prozesu demokratikoa blokeatzea da euren xedea, eta blokeo estrategia horren erdi-erdian jarri dute euskal preso politikoekiko eta haien senideekiko indarkeriaren erabilera», esan zuen Ugarteburuk.

«Hori gainditzeko, ezinbestekoa da kalera ateratzea. Herritarren presio demokratiko eta zabalaren bidez soilik lortu ahal izango da estatuen blokeo jarrera mugiaraztea. Kartzelak husteko, kaleak isiltasun ozenez beteko ditugu datorren larunbatean, siglen gainetik. Ezin dugu hutsik egin», gaineratu zuen ezker abertzaleko eledunak.

Bilboko mobilizazioak Euskal Herrian sostengu zabala lortu badu ere, nazioarteko eragileen partetik lortutako babesa ere handia da.

Horien artean, Andaluziako SAT sindikatuko eledun nazional Diego Cañamerok Bilboko mobilizazioan parte hartzeko eskatzen duen bideoa eskegi du Interneten. Euskal presoak libre izan behar direla nabarmentzen du Cañamerok bideo horretan.

EPPKren bilera

Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ordezkaritza batek bilera egingo du gaur Ezker Anitza-IU alderdiko kideekin. Euskal Herriko alderdi politiko eta eragile sozial eta sindikalekin izaten ari diren kontaktu errondan aurreikusitako bilera da hau.

EPPK-ko eledunek joan den astean azaldu zutenez, azken hilabeteotan bilera ugari izan dituzte eragile politiko, sozial eta sindikalekin, presoen kolektiboa eragile politikoa dela ikusarazteko. Datozen asteotan, Ipar Euskal Herriko eragileekin, Ezker Anitzarekin eta UGTrekin bilduko direla iragarria zuten. Ezker Anitzarekin gaur izango duten bilera lehenago egina behar zuten, baina agenda arazoak direla-eta atzeratu egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo