GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko lehiaketa

Bi bikote faboritoak finalaren atarian daude

Nazabalek eta Zubiagak osatutako bikoteak, eta Otañok eta Otaegik osatutakoak, beren multzoetako lehen postua segurtatuta utzi dute jadanik, baita finalerdiak jokatzeko txartelak ere.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez da ezusterik izan, eta Nazabalek eta Zubiagak, herenegun Deban, eta atzo Otañok eta Otaegik, Elorrion, irabazi zituzten Urrezko Aizkorako saioak, eta horrekin beren multzoetako lehen postuak segurtatzearekin batera, finalerdiak jokatzeko txartelak ere lortu zituzten.

Bi egunetan aizkolariek lan bera egin behar izan dute. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Ondoren, erlojuz kontra, 45 ontzako bi enbor moztu behar izan zituzten, aizkolari bakoitzak bana. Hirugarren lanean, bikote bakoitzak kana-erdiko enborra erdibitu behar izan zuen, zutik jarrita. Ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki neurtu ziren. Bosgarren lanean, 45 ontzako enbor bat zutik jarrita, eta kana-erdiko bat etzanda jarrita erdibitu behar izan zituzten, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten.

Deban, Nazabalek eta Zubiagak Atutxa II.a eta Mugertza II.a hartu zituzten mendean, nahiz eta galtzen hasi ziren. Kolpekako lana izan zen bizkaitarrak eta gipuzkoarrak irabazi zutena, enborra 44tan bota ostean. Zazpi gehiago behar izan zituzten nafarrak eta arabarrak. Irabazleek erlojuz kontrako lana minutu eta 44 segundoan burutu zuten, aurkariei 14 segundo kenduz, eta sailkapenean aurretik jarriz.

Minutu bat eta 43 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak zutikako lana amaitzeko, bi gazteei 13 segundo gehiago sartuz. 60 ontzako enborra minutu eta 47 segundoan bota zuten, beste zortzi segundo gehiagoko tartea zabaltzeko. Zutik eta etzandako lana ere irabazi egin zuten. 2.37 izan zen beraien denbora eta 2.48 Aitzolena eta Ugaitzena.

Iraupen proba falta zen amaitzeko, baina ordurako minutu erditik gorako tartea zabalduta zuten faboritoek. Azkeneko saioa amaitzen, 12 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak, eta 13 minutu eta 9 segundo Atutxak eta Mugertzak. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak, eta 22 minutu eta 30 segundo, Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak.

Estu

Unai Otañok eta Joseba Otaegik ere ez zuten hutsik egin, nahiz eta uste baino lan gehiago izan zuten Erasun eta Rekondo mendean hartzeko. Dena dela, egun arraroa izan zen, izan ere, Otaegik eta Erasunek giharretako arazoekin amaitu baitzuten.

Rekondo eta Erasun indartsu hasi ziren, eta lehen probak beraiek irabazi zituzten. Kolpekakoan, 32tan bota zuten enborra, eta hiruren aldea kendu zieten egungo txapeldunei. Erlojuz kontrako lana 2 minutu eta 16 segundoan amaitu zuten, 15 segundo kenduz. Zutikako lana bi nafarrek minutu eta 34 segundoan amaitu zuten, eta beste sei segundoko tartea lortu zuten. Laugarren lanean, Otañok eta Otaegik aldea hamar segundotan murriztu zuten.

Bosgarren ekinaldian, zutik eta etzandako lanean, berriro ere bi gazteek aldea lortu zuten, beraien lana minutu eta 58 segundoan amaituz. 2 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten bi aizkolari gipuzkoarrek.

Iraupen proban erabaki zen neurketa, Otañok eta Otaegik euren egin beharrekoak 10 minutu eta 50 segundoan amaitu baitzituzten, eta 12 minutu eta 37 segundoan, berriz, Erasunek eta Rekondok. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Otañok eta Otaegik, eta 20 minutu eta 35 segundo, berriz, Ander Erasunek eta Jon Rekondok. Hauei beste jardunaldi bat geratzen zaie.

Aukerak

A eta B multzoetan jardunaldi bana geratzen da lehen fasea amaitzeko. Horietako irabazleek lortuko dituzte finalerdiak jokatzeko falta diren bi txartelak.

Ezusterik gabe

Urrezko Aizkora ezusterik gabe doa oraingoz. Txapela lortzeko bi bikote faboritoek lortu dituzte, orain arte, finalerdiak jokatzeko txartelak, eta orain edozer gerta daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo