Urteko plangintza: Noiz eta nora jo hautatu aurretik jakin beharreko zenbait kontu
Gure eguneroko eginbeharren arabera moldatzen dugu gure surf agenda ere, baina surfa oso konplexua da, olatuak ez dira izaten guk nahi dugun egunean. Horregatik, itsaski onenak noiz eta non diren jakitea lagungarri izan daiteke urteko plangintza egiteko orduan.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Urte sasoi bakoitzak bere berezitasunak ditu. Surfean asko dira kontuan hartu beharreko aldagaiak, baina batez ere noiz eta non surf egin daitekeen jakitea komeni da.
Horretarako, gauza sinple bat hartu behar da kontuan. Mundua eskuinerantz biratzen da; beraz, edozein kontinente hartu eta itsaski trinkoak soilik mendebalderantz begira dauden herrialdeetan izaten direla konturatuko gara.
Hona hemen garai bakoitzean olatu onak non izaten diren jakiteko gida moduko bat. Oso orokorra da, ideia xume bat izateko baino ez du balio, baina urtean zehar gauzatzeko ditugun asmoak antolatzeko orduan lagungarri izan daiteke. Batez ere, bidaiatzeko asmotan bagabiltza.
Gurean ez da surf egiteko urte sasoi ona. Itsaskien maiztasuna oso aldakorra da. Iparraldeko haizeak izaten dira sarri eta uraren tenperatura oraindik hotz izaten da. Hala ere, bada aldeko ezugarririk ere, egunak apurka luzatzen joaten baitira.
Otsaila eta martxoa dira ura hotzen egoten den hilabeteak, baina urteko azken elurteak berant izan badira, apiril edo maiatzean oraindik oso hotz egon daiteke ura.
Bidaiatzeko ere ez da sasoi onena. Europan, antzeko baldintzak izaten dira eta, urrunago joanda, munduaren beste aldean ere ez dira asko sasoi honetan itsaski ederrak izaten dituzten herrialdeak.
Hego Amerika izan daiteke udaberrian bidaian joateko aukera eder bat. Ekuadorren esaterako, ez dira olatu oso handiak egoten, baina urtarriletik eta apirilera artekoa garai bikaina da maila ertaineko surflarientzat. Txile eta Peru, berriz, helburu egokiak dira olatu handien maitaleentzat. Olatu hotzek gainera, sekulako indarra izaten dute.
Gurean, urteko sasoirik gozoena da, dudarik gabe, itsasoko ura epel baitago. Itsaski handiak maiz izaten ez badira ere, olatuak udaberrian baino maizago izan daitezke.
Ikasteko une egokia da, olatuak ez baitira indartsuak, baina sasoi arriskutsuena ere bada, uretan izaten diren jende pilaketen ondorioz istripu gehien izaten den garaia ere bai baita.
Udan maiz izaten dira mendebaldeko itsaskiak eta hauek gure kostaldea zeharkatu eta Frantzia aldera jotzen dute. Beraz, hemen olatu txikiak izaten dira, ikasteko egokiak, eta adituentzat, berriz, olatu ederrak izaten dira Hossegor inguruan.
Ez da Europan zehar bidaiatzeko garai egokiena, baina oraindik eguna luzea denez eta ura epel dagoenez, iparraldera jo daiteke, Irlanda edo Eskozia aldera. Inguru horietan ere ez da itsaski handien garaia, baina itsaski trinko bat suertatuz gero, bidaia zoragarria izan daiteke.
Munduan zehar, uda garaian bidaian joateko leku apropos bat, adibidez, Indiako Ozeanoa da. Indonesia da herrialde bisitatuenetakoa.
Ekaina eta iraila bitartean ohikoak dira hego mendebaldeko itsaskiak Asia ekialdean; beraz, milaka irla daude aukeran. Beste aukera bat Australia mendebaldea da, itsaski horien jomugan dagoen kostaldea.
Amerika erdialdean ere surf egiteko garai onena uda izaten da. Mexikon, Guatemalan, Costa Rican, Nikaraguan eta Panaman maila guztietako surflarientzako olatuak izaten dira.
Afrika mendebaldean, oraindik oso ezagunak ez diren Gabon edo Angola bezalako lurraldeetan olatu ikusgarriak izaten dira urte sasoi honetan.
Gurean surf egiteko sasoi egokiena da, dudarik gabe. Udako jende pilaketen ostean, hondartzak hustu egiten dira, urautsiak lasaiago daude, itsaskiek indar hartzen dute eta hego haizeak olatuei forma ezin hobea ematen die. Olatu onak izateko aukera gehien dagoen urte sasoia da, hortaz.
Iraila eta abendua bitartean ohikoak dira Europako kostaldea kolpatzen duten itsaskiak. Beraz, Portugal, Irlanda, Eskozia edo Frantziara bidaiatzeko sasoi egokia izan daiteke. Maroko, Espainiako iparraldea edo Kanaria Uharteak bisitatzeko garai egokia ere bada.
Irail eta abendu artekoa surf egiteko sasoi bikaina da munduko beste leku askotan ere. Kalifornian itsaski handien garaia izaten da eta Japonen ere hego ekialdetik datozen itsaskiek olatu zoragarriak ekartzen dituzte. Hego Amerikako mendebaldean ere, uda pasa ostean, berriz ere itsaski trinkoak hasten dira.
Negua hotzarekin eta eguraldi goibelarekin lotu ohi dugu, baina tarteka egun eguzkitsu eta epelak ere izan ohi dira abendua eta martxoa artean. Baita haizerik gabeko egun triste baina gozoak ere. Beraz, gurean ez da surf egiteko hain aro petrala.
Ura hotz egoten da eta haizete hotzak izaten dira, baina urteko itsaskirik onena urte sasoi honetan izatea ere suerta daiteke. Beraz, Europan zehar bidaiatzeko arorik egokiena ere ez den arren, zortea izan daiteke.
Kanpora begira, hego hemisferioan uda dela kontuan hartu behar da; beraz, zenbait lekutan ohikoa baino giro gozoagoa daukate. Australia ekialdean, esaterako, udako zikloiek olatu ederrak altxatzen dituzte bestela ia olaturik izaten ez den lekuetan. Gold Coasteko eskuin olatu famatuen garaia da.
Hego Amerikan ere badira sasoi honetan surf egiteko herrialde ederrak, Venezuela kasu. Eta Karibe itsasoan diren irletan ere surf egiteko garaia da.
Eta amaitzeko, neguko itsaskien zafraldiak jasaten dituen munduko leku famatuena, Hawaii eta bertako olatu zoragarriak.