Anton Abbadiaren bizitza hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du Morilloren azken eleberriak
Fernando Morillo idazleak Anton Abbadiaren bizitzaren berri izan zuen eta jakin-mina sortu zion. Frantziako Zientzia Akademiaren laguntza izan zuen gaztetxoei zuzenduko nobela eta DVDa sortzeko.
Ainize BUTRON | BAIONA
2011ko udazkenean hasi zuen Fernando Morillo idazleak Hendaiako Abbadiako eremuan egonaldia. Nekatoenea izeneko etxean kokatua, idazleak Anton Abbadia zenaren bizilekua eta bizitza hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuen, eta horren berri emanez, «Abbadiaren sekretua» izeneko eleberria eta DVDa kaleratu ditu.
Gaztetxoentzako abentura liburu bat idatzi nahi izan zuen Morillok, Anton Abbadiaren «izaera eta ametsak» islatuz. «Gaztelua aztertzeko aukera izan nuen egonaldian, eta leku horri esker, Antonen munduan sartzeko», argitu du idazleak.
Zientziazale eta euskaltzale izan zen aldetik, Fernando Morillok Anton Abbadiaren berri bazuen, baina bertaratzerakoan «gutxi ezagutzen» zuela ohartu zela aitortu du. Eta ezagutza hori hobetzeko, Frantziako Zientzia Akademiaren laguntza izan zuen.
Horrenbestez, Abbadia jauregia eraiki zuena Leonardo da Vincirekin parekatzen du idazleak. Zientzialaria, unibertsalista, filologoa, humanista eta, besteak beste, bildumazalea zen Anton Abbadia.
«Abbadiaren sekretua» eleberriak abentura, historia eta adiskidetasuna biltzen dituen istorioa dakar. Alar eta Kaiet anaiek, Rebeka eta Daniel aiton-amonek eta Nikole lagunak sekulako abentura biziko dute Abbadia eremuan eta Abbadia gazteluan. «Antonen inguruko bizipenak eta probak bizitzen eta gainditzen arituko dira liburuan pertsonaiak. Liburua modu berezian irakurzaletasuna pizteko, eta Anton Abbadia hobeki ezagutzeko idatzi dut», azpimarratu du, berriz, Morillok.
Etorkizunean proiektuarekin jarraitzeko asmoa daukala jakinarazi du idazleak. «Abbadiaren sekretua» eleberri laburrean, Antonen oihartzuna xuxurlatu besterik ezin izan duela egin nabarmendu du Morillok. Horiek horrela, asmo sendoago bat darabil buruan: Antonen bizitza bera nobela bihurtzea.
Hendaian, martxoan
Martxoan, Hendaian, hainbat ekitaldi antolatu ohi dira berariaz euskara sustatzeko. Horren karietara, Abbadia eremuko arduradunek, Fernando Morillok idatzitako liburuaren bidez, eremua hobeki ezagutarazteko ekitaldiak antolatzeko asmoa dute. Horrekin batera, Biarritz eta Donibane Lohizuneko mediatekekin harremanetan hasi dira hitzaldiak antolatzeko. Bestalde, datorren urtean Abbadian egonaldia egingo duena aukeratzeko deialdia abiatzen ari dira Euskal Kultur Erakundea, Idazleen elkartea eta Abbadiako eremua bera, hau da, ekimenaren antolatzaileak.
Fernando Morilloren egonaldia Euskal Kultur Erakundeak bultzatutako ekimenaren lehen esperientzia izan da. 2012an, Ekhine Egiguren donostiarra izan da gonbidatua.