GARA > Idatzia > Kultura

«Badu Bada» erakusketaren urtarrileko egitaraua osatuko dute beste hiru hitzaldik

Bihar bertan izango da lehena, Vicenç Villatoro katalanaren eskutik. Horrekin batera, beste hamasei ekitaldi iragarri dituzte urtarrilerako, doako bisita gidatuak barne, euskararen izaera hobeto ulertzen laguntzeko

GARA | DONOSTIA

San Telmo Museoak beste hiru ekitaldi antolatu ditu «Badu Bada» erakusketaren harira. Jada iragarrita zeudenez gain, Vicenç Villatoro, Ritxi Lizartza eta Xabier Kintana ere hizlari arituko dira urtarrilean. Guztira hamazazpi jarduera eskainiko ditu museoak hilabete honetan, «badubadatzeko» programaren barnean.

«Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean» erakusketa gure hizkuntzaren testuingurua eta bertan zabaltzeko izan ditzakeen abaguneak eta beharrak kolektiboki eta era bisualean aztertzen dituen gunea da.

Egitarauan gaineratu dituzten hiru hitzaldietatik lehena bihar bertan emango du Vicenç Villatorok, Ramon Llull Institutuko zuzendariak, 19.00etan. Bere esperientziatik abiatuta, hizkuntzen kohesioaz arituko da, «Lengua y cohesión social. La experiencia catalana» mintzaldian. Gaztelaniaz hitz egingo du, baina aldibereko itzulpena egingo dute euskaraz.

Bigarren txanda Ritxi Lizartza itzultzaile eta irakasleak beteko du, urtarrilaren 15ean. «Etor hadi, lagun» hitzaldian, hitanoko erregistro formalaren ezaugarriez arituko da, eta zenbait jarduera praktiko egingo ditu. 18.00etatik aurrera izango da, erakusketako 8. aretoan.

Hitzaldi berrien sortako azkena Xabier Kintana euskaltzainak egingo du. «Euskararen batasuna» izenburuko hitzaldia emango du, gure hizkuntzaren batasunak egin duen ibilbideari buruz jardunez. Urtarrilaren 23an izango da, 19.00etan.

Horiez gain, hilaren 16an «Bioaniztasunetik hizkuntzaren iraunkortasunera; ekologiaren liluratik edanez» izango dute mintzagai Kutxa Ekoguneko eta Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek, lehendik iragarrita zegoen egitarauari jarraituz.

Gonbidatu bereziak

Hitzaldiez aparte, erakusketa barrutik ezagutzeko aukera anitzak daude. Norberak bere kabuz egin dezake bisitaldia, baina ikuspuntu berezi bat nahi izanez gero, gonbidatu berezien eskutik egindako bisita gidatuetan parte hartzeko aukera dago. Datozen bisitaldiak gidatzeaz arduratuko dira Luistxo Fernandez (urtarrilaren 10ean) eta Luisa Etxenike (urtarrilaren 17an), eta beren ikuspegitik azalduko dute «Badu Bada».

Talde bakoitzeko hogei pertsona izan beharko dira gehienez, eta horregatik beharrezkoa da izena ematea 943 48 15 80 edo 620 61 04 34 telefonoetara deituz, edo santelmo@donostia.org helbide elektronikoaren bidez. Hitzaldiak eta bisita gidatu bereziak doakoak dira.

BAKARRIZKETA

Urtarrilaren 11n gazteei zuzenduriko eta Unai Iturriagak sorturiko «Buah txabal» bakarrizketa saioa izango da museoan, Jon Zubiaga aktorearen eskutik.

JINKANA

Familian ondo pasatzeko jinkana antolatu dute datorren hilaren 12rako Badu Badaren instalazioetan, 17.00etan, 18.00etan eta 19.00etan. Parte hartzeko erakusketaren prezioa besterik ez da ordaindu behar, 3 euro, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo