GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Aguantatu

Aguantatzeak hil egiten du» artikulu ezin egokiagoa irakurri nuen egunkari espainiar batean. Egileak zioen azken urteotan, krisiaren eraginez, horixe dela inguruan gehien entzuten duen hitza. Denei, bai herritarrei, bai politikariei, batik bat hauei. Nola edo hala eutsi eta ekaitza igaro arte aguantatu, krisia bera bakarrik joango delakoan. Alpinismoan bezala, aguantatzeak -bide berririk bilatu gabe- gehienetan heriotzara daramala zioen, ordura arteko bideak hertsi eta irtenbiderik gabeak bihurtzen direlako.

Artikuluarekin erabat ados, aguantatu hitzak bestelako gogoeta bat ere ekarri zidan gogora. Izan ere, aguantatu eta emakumea oso lotuta egon baitira betidanik; familiari eusteko, familia ez puskatzeko, senarra ez galtzeko, seme-alaben zaintza ez kentzeko, sozialki zanpatua eta baztertua ez izateko, lanari eusteko... «aguanta ezan» izan da luzaroan emakumeontzako aholkua. Zenbat eta zenbat aldiz, gainera, geure amengandik, amamengandik, alegia, zer-nolako sufrikarioa jasan daitekeen hobekien dakitenengandik. Beste garai batzuetako mentalitateari egotz geniezaioke halako aholku koldarra, edo, nondik ikusten den, pragmatiko bezain babeslea. Aguanta ezin daitekeena aguantatu barik altxatu eta zer edo zer egiteak beharrezkoa baitu jendartearen nolabaiteko babesa, pertsonena, erakundeena eta izaera desberdinetako eragileena. Eta hori paperean baino ez denean gertatzen, kontrakoa iruditzen bazaigu ere, benetako unea iristen denean eta inguruan dena eta denak uzkurtu egiten direla konprobatzen dugunean, amamari kasu egitea hobe genuelako pentsamoldea finkatu eta hurrengo ataketarako gida bihur liteke, eta bihurtzen da.

Emakumearen aguantatu beharra, batik bat, familiarentzako onuraz elikatu da. Gizon eta emakumeak eta hauen seme-alabek osaturiko familiak emakumea -oso izaera eta jarrera zehatzekoa- behar izan du ez hondoratzeko, etxe barruan inolako aitorpen eta, askotan, esker onik gabe besteentzat lan egiten, otzana izaten. Era horretako familiak, tradizionalak, matxistak, ezkontideen sexuaren araberako papera oso mugatu eta zorrotz ezartzen duenak, aukera bakarra izaten jarraitzen du asko eta askorentzat. Eliza katolikoak hori ez beste guztia madarikatzen jarraitzen du, are gehiago, genero ideologia bera, joan den astean, Kordobako apezpikuaren ahotik, adibidez.

«Genero ideologiak, sabelean errugabeak erailtzeaz gain, familia suntsitzen du, eta saiatzen da gazteei ikusarazten beste familia mota bat posible dela», besteak beste. Halako hitzek, espainiar Estatuan pisua izaten uzten zaion erakunde erlijioso bakarraren ordezkari baten ahotik, erantzun eta gaitzespen ozen eta argia, gogorra, izan beharko lukete jendartea gobernatzen dutenen aldetik, tolerantziaren eta errespetuaren kontrako erasoa diren heinean, familian, eskoletan eta kalean erakutsi nahi dugunaren beste muturra. Baina, lotsagarria bada ere, Elizaren aurrean ere badirudi ildo orokorra aguantatzea dela, zabaltzen duen guztia haizeak eramango duelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo