Larunbatean aukeratuko dute EAJko presidentea
Larunbat goizerako EAJko EBBko buru berria izendatuta egongo dela iragarri zuten atzo Sabin Etxetik. Aberri Batzarreko ehun kideak 10.00etan hasiko dira bozkatzen, EBBko hamahiru kideetako bat hautatzeko. Ziurtzat ematen da Andoni Ortuzar izango dela alderdiaren buru berria.
GARA | BILBO
EAJren Euzkadi Buru Batzarra bildu zen atzo Sabin Etxean, eta mahai gainean izan zuten gaien artean dago datorren larunbaterako Bilboko Euskalduna jauregian deitutako Aberri Batzarraren antolakuntza, alderdiaren zuzendaritzan Iñigo Urkulluren ordezkoa izendatzeko. Urkulluk berak ere parte hartu zuen bilkuran.
Jelkideen iturriek Europa Pressi adierazitakoaren arabera, ordezkapenaz gain, atzoko ohiko batzarrean hizpide izan zituzten egungo egoera politikoaren azterketa eta Lakuako Gobernuak dituen erronka nagusiak, bereziki arreta guztia 2013rako aurrekontuen onarpenean jarrita dagoen honetan.
EBBko burua izendatuko duen Aberri Batzarra 10.00etan abiatuko da Euskalduna jauregian, eta aurreikusi dutenez, 90 minutu geroago hasiko da, 11.30ean, hain zuzen, izendatu berriak alderdi kideen aurrean egingo duen lehen hitzaldia.
Aipaturiko ordu eta erdiko tarte horretan, Aberri Batzarreko ehun kideek EBBko kideen artean bat hautatu beharko dute alderdiaren zuzendaritzaz arduratzeko. Berez, hamalau kidek osatzen dute EBB, baina horietako bat Iñigo Urkullu bera da, eta berak ezin du prozesuan parte hartu.
Ziurtzat hartzen da Andoni Ortuzar egungo Bizkai Buru Batzarreko presidentea izango dela aukeratua EBBko hamahiru kideen artean alderdia zuzentzeko. Aurreikuspenok betez gero, Bizkaiko EAJko burua hautatzeko prozesua zabaldu beharko litzateke jarraian.
Pasa den abenduaren 15ean utzi zuen Urkulluk EAJko EBBko ardura, Gernikako Batzar Etxean EAEko lehendakari kargua zin egin ondoren.
Herrialde batzarrak
Jelkideen zuzendaritzak urtarrilaren 12rako finkatu zuen Aberri Batzarraren hitzordua, EBBko kideen artean Urkulluren ordezkoa aukeratzeko, eta prozedura laburtua erabiliko zutela iragarri zuten.
Hain zuzen, orduan azaldu zutenez, hutsune hori lehenbailehen betetze aldera, alderdiaren estatutuek aurreikusten duten prozedura laburtua aukeratu zuten, barneko ohiko hauteskunde prozesua indarrean jarri izan balitz, EBBko buru berriaren izendapena otsail amaierara arte luzatuko litzatekeelako.
Horren harira, aste honetan herrialdeko batzarrak egingo dituztela iragarri zuten atzo, hain zuzen, azaltzeko zergatik erabaki duen Aberri Batzarrak EBBko buru berria bide laburtuaren bidez aukeratzea, ohiko hauteskunde prozesua egin beharrean.
Iñigo Urkullu 2008tik pasa den abendura arte izan da EAJren EBBko burua, eta Josu Jon Imaz ordezkatu zuen karguan.