GARA > Idatzia > Euskal Herria

Istripuez informatzeko mekanismoa hobetzeko eskatu du Arartekoak

Hildakorik edo zauriturik izan den istripuetan, horien familiei informazioa helarazteko mekanismoak zenbait «disfuntzio» dauzka, Arartekoaren ustetan. Haren arabera, zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea funtsezkoa da, informazioa lehenbailehen emateko.

p016_f01.jpg

GARA | BILBO

«Polizia eta osasun alorreko zerbitzuen arteko koordinazio faltak disfuntzio bat sor dezake istripua izan duen pertsonaren familiari gertakaria helarazterakoan». Argi hitz egin zuen atzo Arartekoak, istripuen informazioari dagokionez kritika egiterakoan. Zenbait aldaketa eskatu zituen kasu horien protokoloetan, egon daitezkeen datuak edo berriak senideei ahalik eta lasterren heltzeko.

Komunikabideetara bidalitako idatzian, koordinazio falta horren adierazle nabarmena den gertaera bat aipatzen du. Abenduan, polizia jarduera bati buruzko kexa-espediente bat izapidetzen ari zelarik honen berri izan zuen Arartekoak: bizikleta istripu baten ondorioz hildako gazte baten familia 109 ordu egon zen senideari buruzko informaziorik jaso gabe.

Hari horri tiraka, koordinazio falta agerian uzten duten beste zenbait kasu aurkitu dituzte. Arartekoaren ustetan, informazio helarazte hori «alderdi polizialaz harago heltzen dela uste dugu, istripua izan duten pertsonei osasun arreta eskaintzen dieten ospitale zentroei ere badagokiela uste dugu».

Mekanismo berrien beharra

Koordinazio akats horiei aurre egiteko, Arartekoak zenbait gomendio luzatu dizkie bai indar polizialei, bai Osakidetzako kideei, komunikazio hori hobetu dadin, «familiaren zein zerbitzuen mesedetan».

Arartekoaren iritziz, «beharrezkoa da istripua jasan duten pertsonei hasiera batean arreta eskaintzera joan diren zerbitzuen eta ondoren esku hartzen dutenen arteko koordinazio mekanismoak ezartzea».

Poliziari dagokionez, eskatzen du kasu guztietara zabaltzea biktimak adingabe edo ezgaiak direnean duten jokabidea, izan ere, kasu berezi horietan, familiari berehala jakinarazten diote ezbeharra, inongo trabarik gabe.

Traba horiek, normalean, datu horiek argitaratzeko titularren baimenarekin zerikusia dute, hau da, norbanakoaren pribatutasunarekin.

Arartekoaren esanetan, aldatu beharreko jokabidea da hori: «Ez du kontuan hartzen halako gertakariak jakinaraztean familiaren legezko interes bati erantzutea bilatzen dela. Ez hori bakarrik. Gertakari publikoez ari gara, eta istripua izan duen pertsona dagoen lekua helarazteaz, ez haren osasun datuak edo polizia datuak emateaz. Kasu honetan, familiaren interesa justifikazio nahiko da».

pribatutasuna

Arartekoak dioenez, datuak helarazi ahal izateko baimenak prozesua geldotu egiten dute. Txostenaren arabera, malguagoa beharko luke legediak, familiaren legezko interesari erantzuteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo