GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sexu erasoak, ugari eta adin guztietakoak

Azken egunotan Donostian eta Elgoibarren izandako sexu erasoek arazo hori ez dela iraganeko kontua erakusten dute; ez iraganekoa, ez txikia. Salaketak ia egunerokoak dira, eta atxiloketak ere ugari. Salaketa horiek, beraz, ez dira lekuz kanpokoak, eta erasoak ohikoak izateagatik ez dute garrantzi gutxiago; aitzitik baizik. Asteburuan Donostian eta Elgoibarren izandako sexu erasoak ez dira salbuespena izan, ohikoa, ohikoegia eta etsigarriegia den jarrera baten ondorio baizik, indarrean jarraitzen duen pentsamolde baten ondorio, alegia. Azken eraso horiengatik atxilotutakoak, bestalde, gazteak dira, eta hori ere ez da salbuespena, fenomenoaren diagnosia egiteko oso kontuan izateko datu esanguratsua baizik, arazo larri hori ez dagoela konponbidean erakusten duena. Gazteen artean ere, ustez pentsamolde zaharkitua, patriarkala, atzerakoia gaindituta edo gainditze bidean izan behar luketen belaunaldietan ere, horrelako jarrerak izatea oso kezkagarria da, baina konponbideak bilatzeko orduan, esan bezala, oso kontuan hartzekoa. Eta ez dago konpontzerik haren garrantzia txikiagotuz, are gutxiago etsipenean eroriz, baizik eta arazoari bere osoan aurre eginez, borondate on hutsetik haragoko ekimenak abiatuz, instituzio guztietatik herritar guztietara, hezkuntzatik igarota. Izan ere, denen arazoa konponbidean jartzeak denen parte-hartzea eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo