Donostian sexu erasoa egitea egotzita, bi gazte kartzelatzea agindu du epaileak
Urtezaharrean 17 urteko neska batek Egia auzoan jasandako sexu erasoagatik 18 eta 20 urte bitarteko hiru atxilotuetatik bi espetxeratuak izan ziren atzo, eta hirugarrena aske gelditu zen, Elgoibarren igande goizaldean jazotako sexu erasoengatik atxilotutako bi gizonak bezala.
GARA | DONOSTIA
Urtezahar gauean Donostiako Egia auzoan neska bati sexu erasoa egiteagatik Ertzaintzak atxilotu zituen hiru mutiletako bi Martuteneko kartzelan espetxeratuak izan ziren atzo, epailearen aginduz. Hirugarrena, aldiz, aske gelditu zen.
Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, atzo goizean deklaratu zuten hiru akusatuek. Saioa amaitzean, gazte horietako biren -18 eta 20 urtekoak- kartzelatzea agindu zuen epaileak, eta askatasuna, aldiz, hirugarrenarentzat -19 urtekoa-. Bestalde, iturri horrek ez du argitu epaileak azken horrentzat prebentzio neurriren bat agindu zuen edo ez.
Lakuak gogorarazi duenez, 17 urteko neska bat Egia auzoko dantzaleku batean zegoen Urtezahar gauean, eta antza, lokaletik mutil batekin atera zen. Azken honi beste bi mutil batu zitzaizkion. Neskak salatu zuenez, hiru mutilek aparte zegoen leku batera eraman zuten, eta bertan sexu erasoa egin zioten.
Donostiako Udalak gertaerak salatu zituen atzo, ohar baten bidez. «Udalak erabat gaitzesten ditu mota honetako erasoak, eta salatzen du eta salatzen jarraituko du eraso larri hauek indarkeria matxista amaitu bitartean, are gehiago tartean adingabe bat dagoenean. Era berean, gure babes osoa eta laguntza eskaini nahi diogu biktimari».
Elkarretaratzea, Elgoibarren
Bestalde, Ertzaintzak igande goizaldean Elgoibarren bi emakumeri sexu erasoa egitea leporatuta atxilotu zituen 19 urteko bi gazteak aske utzi zituen atzo epaileak, Eibarren akusatuei deklarazioa hartu ostean. Lakuako Segurtasun Sailak azaldu zuenez, gazteak zitazio judizialaren zain gelditu dira.
Donostiako Udalak egin duen modura, Elgoibarrekoak ere gertaera hauek gogor salatu zituen atzo ohar baten bidez, eta bat egin zuen herriko Emakumeen Asanbladak deituta atzo 20.00etan egin zen elkarretaratzearekin.
Lehen erasoa goizaldeko 04.00etan gertatu zen. Etxerako bidean gizon bat jarraitzen ari zitzaiola sumatu zuen neska batek. Etxeko atarian sexu erasoa egiten saiatu zen arren, biktimak familia ohartaraztea lortu zuen, eta erasotzaileak ihes egin zuen. Lakuak azaldu duenaren arabera, handik gutxira, pertsona berbera beste horrenbeste egiten saiatu zen elkarrekin zeuden bi neskei jazarriz, eta hauek ere atari batean babestu zuten euren burua.
Hirugarren erasoa 04.3oean gertatu zen, emakume bat tabako bila atera zenean kalera. Hiru gizonek kartera lapurtzeaz gain, sexu erasoa egiten saiatu ziren.
Donostian gertatutako sexu erasoaren kasua Ongizate zerbitzuen eskuetan dagoela adierazi zuen Udalak. Erakundeak, halaber, bat egin du gertaera hau salatzeko antolatu diren elkarretaratzeekin.
Donostiako eta Elgoibarreko sexu erasoengatik atxilotutako bostak 18 eta 20 urte bitarteko gazteak dira. Biren kartzelatzea agindu du epaileak; beste hiru, aldiz, aske gelditu dira.