Hitzarmena adostu du Berlusconik Lega Nord-ekin, galera gutxituko dutelakoan
Italiako lehen ministro ohi eta PDL alderdiko buru Silvio Berlusconik hitzarmena sinatu du bere aliatua izan zen Lega Nord alderdiarekin, otsaileko hauteskundeetarako zerrenda bateratua aurkezteko. Legak baldintzatzat jarri du Berlusconi bera ez izatea zerrendaburua.
GARA | ROMA
«Habemus papam. Carrocio [Lega Nord-en ezizena] eta gure arteko hitzarmena sinatu dugu. Roberto Maroni izango da Lombardiako hautagaia eta ni izango naiz moderatuen burua» hauteskundeetan, adierazi zuen Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak.
Roberto Maroni Legako buruak hitzarmena baieztatu zuen, baita gaineratu ere Berlusconi ez dela izango koalizioaren zerrendaburua, hau da, lehen ministrorako hautagaia. Hain zuzen, baldintza hori jarri zuen Legak hitzarmena sinatzeko.
Il Cavaliereren esanetan, lehen ministroa nor izango den hauteskundeen ondoren erabakiko du koalizioak, irabaziz gero. Berak nahiago du Ekonomia ministroa izan, adierazi zuenez.
Maronik goraipatu egin zuen Berlusconiren keinu hori, eta garrantzitsua dela esan zuen.
Baina argi dago oraindik ez dutela puntu hori adostu. PDLko idazkari politikoa Angelino Alfano proposatu du Berlusconik. Alfanok, Berlusconiren ondorengo politikoak, alderdiaren zuzendaritza hartu zuen PDLk boterea utzi zuenean.
Baina aukera horren aurrean Maronik erantzun du nahiago duela Giulio Tremonti, Ekonomia ministro ohia.
Arriskuak
Lega Nord PDLren aliatua izan zen Italiako Gobernuan, baina harremanak ez dira oso onak izan Berlusconik Mario Montiri babesa eman zionetik, eta Maroni bera oso kritikoa izan da Berlusconirekin.
Aditu batzuek diotenez, alderdiok etsi-etsian sinatu dute koalizio ituna, eskuinaren «egoera katastrofikoa» aurreikusita. Baina Stefano Folli «Il Sole-24 Ore» egunkari ekonomikoko editorialistaren ustez, agian ez diote etekin handirik aterako, Legako boto-emaileek ez dutelako Berlusconirekin hitzarmenik nahi.
Hitzarmenaren arabera, Berlusconi koalizioaren burua izango da, baina ez da lehen ministro izateko hautagaia izango. Oraindik aukera ezberdinak dituzte bi alderdiek.