Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Ezpainen dantza
Os dedos só sirven para acatar as ordens que o coraçao dá». Jose Manuel Netok fadoak jotzen ditu gitarrarekin, eta fadoaz ari denean bizitzaz ari da, musika hori sormen eta gozamenaz gain zerbait gehiago den konbentzimenduaz. Bere hatzek gitarra dantzatzen dutenean barne mundua irudikatzen dute, eta entzulea bidaide izango du. Teknika eta senaren arteko eztabaida piztuko da, alegia, hori guztia transmititzeko teknika ezinbestekoa dela, baina era berean senik ez bada teknikak ezer gutxirako balioko du. Bestalde, sena ez da nahikoa izango musika tresnaren teknika jakin ezean. Dena dela, bata ala bestea izan garrantzitsuena, Netok dioen moduan bihotzaren aginduak izango dira jarduna bideratu beharko dutenak.
Kontalariak ezpainak ditu hitzen gauzatze tresna, fadistaren hatzen antza. Ezpainek kanporatuko dituzte narrazioaren bideak, gitarristaren hatzek sokak dantzatzen dituzten gisa. Nondik sortuko ote dira, ordea, hitz horiek? Hemen ere teknikaren eta senaren arteko eztabaida dugu. Hizkuntzaren erabilera senak agintzen duenaren aurrean. Sena hizkuntzaren zirrikituen gainetik. Kontalariak bi ibai horietan nabigatzen jakin beharko du, baldin eta bere narrazioa urperatzerik nahi ez badu. Bi ibaiek bat egiten duten lekuan kokatu beharko du, bietatik edanez, biak bereganatuz.
Narrazioa eskaintzerakoan, ordea, nondik sortzen den sentituz abiatu beharko da kontalaria. Horren zergatia bere baitan ulertuz, besterik gabe, narrazioa hitz jario eder, zuzen eta egokia izan ez dadin. Kontalariaren ezpainak, fadistaren hatzak bezala, bihotzaren aginduak betetzeko baino ez daude, ipuinaz baino, bizitzaz mintzatzeko.