GARA > Idatzia > Kultura

Pabilioi 6 itxi egingo dute sei astez erakundeei eskatzeko berogailu eta azpiegituren hobekuntza

Urtarrileko eta otsaileko programazioa bertan behera utzi, eta sei astez itxiko dute Pabilioi 6 aretoa. Hotz eta hezetasun arazoak hobetzeko, «inbertsio txikia» eskatzen diete erakunde ezberdinei.

p041_f02_96x96.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Jarraitu dezakegu orain arte bezala mantak banatzen eta sozioei diru gehiago eskatzen baina uste dugu horrelako proiektu batean erakundeek ere hartu behar dutela zati bat beren gain», azaldu zuen Ramon Bareak, Pabilioi 6ko kideak. Bilboko Zorrotzaurren kokatutako «sormen fabrika» sei astez ixtea erabaki dute, hotzari eta hezetasunari ezin diotelako aurre egin, baina, batez ere, erakunde ezberdinei planto egin eta egoera honi soluzio bat eman diezaiotela eskatzeko.

Bareak azaldu zuenez, baldintza gogor hauek izanagatik ere, ikusleen eta konpainien erantzuna oso ona ari da izaten; abenduko emanaldietan bete egin dute aretoa. «Lehenengo negua izugarria izan zen, ikusleei mantak banatzen pasa genuen zero azpiko tenperaturekin. Sozioen diruarekin berogailu industrial bat jarri genuen, baina hala ere hotz egiten du. Teilatuak isolatu gabe jarraitzen du. Uste duzu konponduko dela, baina bigarren negura goaz jada, eta ekintzekin jarraitzen badugu, badirudi ez dela ezer gertatzen».

Horregatik erabaki dute urtarrileko eta otsaileko programazioa bertan behera uztea, eta horrela, dagokion erakundeak -bai Bilboko Udala, Bizkaiko Diputazioa edo Lakuako Gobernua- ohartarazi, bertan «kontsolidatzen ari den proiektu bat dagoela eta inbertsio oso txikiarekin» konpondu daitekeelako arazoa. «Iruditzen zaigu norbaitek esan behar duela gutxieneko horretan inbertituko duela».

Pabilioi 6 Zorrotzaurreko ZAWP proiektuan kokatzen da eta 35.000 euroko laguntza jaso zuen Lakuako Gobernuaren Sormen Fabriken eraberritze programaren bidez. Baina hilean 2.000 euroko alokairua ordaintzen dute eta laguntza «motz gelditzen zaigu bertan sortzen dugun ekintza kopurua kontuan hartuta», esan zuen Bareak.

Emanaldiak gelditu badituzte ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu zuten, asanblada eta bilerak eginez, eta erakundeekin elkarlanerako saiakerekin jarraituz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo