Bizkaiko aurrekontuetan akordioak eskatu dizkio EH Bilduk EAJri
GARA | BILBO
«Behingoz ager dadin eta Bizkaiko aurrekontuen inguruan arduraz eta gardentasunez joka dezan akordioak ahalbidetzeko» exijitu zion EH Bilduk EAJri. Koalizioak kritikatu zuenez, herrialde honek ez ditu 2013ko aurrekontuak adostu eta horretaz eztabaidatzeko datarik ere ez dago oraindik. Egoera hori jeltzaleen «arduragabekeria politiko eta instituzional larriari» egotzi zion.
Iñigo Urkulluren alderdiak akordioak ixteko arazoak eta aurrekontuak modu egokian kudeatzeko gabeziak dituela agertu zuen EH Bilduk, eta «aurrekontu sozialen aldeko apustua» berretsi zuen. «Pertsonen zerbitzura -eta ez porlanaren zerbitzura- egon behar duen aurrekontu-eredu bati» heltzeko prestutasun osoa erakutsi zuen koalizio abertzaleak.