GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi estatuen esku hartze politikoari egotzi dio Martinek bera kartzelatu eta askatu izana

p012_f02_88x108.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Aurore Martinek prentsaren aurrean agerraldia egin zuen atzo Baionan, bere askapenak sortu duen jakin-minari erantzuteko. Ezker abertzaleko kidea abenduaren 22an atera zen Madrilgo Soto del Realeko kartzelatik, fidantzapean, bi hilabete preso eman eta gero: «Sartu naiz motibo eta kudeaketa politiko baten baitan eta seguru naiz atera naizela kudeaketa politiko baten bitartez».

Ildo horretatik, espetxean egin duen epea ohi baino laburragoa dela argudiatuta, bere irteera erabaki judizialetatik harago doala nabarmendu du: «Nire sumarioan diren beste kideak bi urteko kartzelaldia egin dute, baina nire kasuan bi hilabetera askatzea heldu zen. Beraz, nire irakurketa da mobilizazio eta presio izugarria izan dela Ipar Euskal Herrian, eta oro har Estatu frantsesean, eta horrek eragin duela hemengo agintari politikoengan eta Estatu espainolari egin zaiola presio politiko bat ni askatzeko».

«Juridikoki ez zen arrazoirik ni askatzeko, alderantziz, horrek argi uzten du esku hartze politikoa izan dela», esan zuen ezker abertzaleko kideak 2011n klandestinitatean egin zituen zazpi hilabeteei aipu eginez.

Bere atxiloketa Manuel Valls Estatu frantseseko Barne ministroaren «probokazio» gisa interpretatzen duela nabarmendu zuen Martinek. Aldi berean, Estatu espainolarekin dituen hartu-emanen erakusgarri direla gaineratu zuen.

Bilbo U12

Larunbatean Bilbon eginen den euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora joanen dela baieztatu zuen Martinek, eta aldi berean bertara joateko deialdia zabaldu zuen. «Nahiko nuke nitaz gehiago ez hitz egitea eta nire askapenerako izan den indar metatze hori ikustea larunbateko martxan Bilbon, baita markatuko ditugun ondoko urratsetan beste errail batera eramateko».

Bake prozesuan egin beharreko pausoetan Estatu frantsesak har dezakeen paper garrantzitsuari buruz mintzatu zen. «Estatu frantsesak badu aukera handia Hego Euskal Herrian Estatu espainolarekin den blokeo egoera gainditzeko, jakinda guk hemen baditugula aukerak». Etorkizunari buruz mintzatu zen: «Nahiz eta oraingoz prozesua alde bakarrekoa izan, gerla egiteko bi behar dira, baina bakea egiteko ere bi izan behar dugu, eta mugitu beharko dute».

«Nire kartzelatzea dela-eta jende askok idatzi du, baita Estatu frantseseko beste puntatik ere, eta ez zuten Ipar Euskal Herria baitezpada ezagutzen. Euskal Herria beti Hegoaldea da, espainol eta euskaldunen arteko arazoa da, eta ohartu naiz jende gutxik dakiela gu Ipar Euskal Herrian bizi garela; beraz, prozesua laguntzen ahal du hobe», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo